Alzheimerraren Mundu Eguna martxa birtual batekin ospatuko dute

Barren.eus 2020ko ira. 21a, 11:41

Alzheimerraren Munduko Eguna da gaur, irailak 21, baina egun honetarako prestatu dituzten ekitaldiak oso bestelakoak izango dira aurreko urteetakoekin alderatuta. Gaixoen, senitartekoen eta lagunen elkarteek ekitaldi publikoak saihestu dituzte eta martxa birtuala antolatu dute.

Honako mezua helarazi digute Gipuzkoako AFAGI elkartetik: "COVID-19aren aurkako prebentzio-neurri gisa eta gure erantzukizun sozialarekin bat eginez, gure elkarteak ez du pertsona-kontzentrazioa dakarren jarduerarik programatuko. Aldi berean, elkartasuna adierazten diegu Alzheimerrak edo beste dementzia batzuek eragindako familiei, pandemiaren ondorioak zuzenean jasaten ari baitira, inoiz baino hurbilago egoteko konpromisoa hartuz. Gure leloak dioenez: 'Alzheimerraren aurrean ez zaude bakarrik'". AFAGIk abian jarri duen azken kanpainak 'Zuk zaintzen duzu, guk zaintzen zaitugu” izena du eta honakoa erakutsi nahi dute: Alzheimer gaitzaren aurkako borrokan dauden beharrizanak, eta eskakizunak planteatzea, eta horrela, agerian jartzea zer-nolako egoera bizi duten gaixoek, familiek eta zaintzaileek.

Aurten ez dute ohiko giza kate solidariorik antolatuko, eta horren ordez, martxa birtuala antolatuko dute. Parte hartzeko, 944 167 617 zenbakira deitu eta elkartekoek jarraitu beharreko pausoen berri emango dute; esaterako, egitasmo honetarako bereziki egindako musukoa jasotzeko. Gero, musukoa jantzita argazki bat atera beharko da, martxa birtualean parte hartu ahal izateko.
 • 12.720 gaixo Gipuzkoan
Martxa birtualaz gainera, AFAGI elkartekoek txosten bat egin dute egun seinalatu honetan hedabideen artean zabaltzeko eta herritarrengan kontzientzia sortzeko.
Alzheimerren gaitza pairatzen duten pertsonak, gaur egun, 12.720 dira Gipuzkoako lurraldean; beraz, 38.160 familia-zaintzaileri ere eragiten die, baina egin dituzten aurreikuspenen arabera, 2050ean 36.000 pertsonari baino gehiagori erasango die, eta 108.000 familia-zaintzaileri baino gehiagori. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuei erreparatuta, 60.000 alzheimer gaixo daude guztira, eta horrek 240.000 persona baino gehiagoren bizitzan eragina du.

Alzheimerra duten gaixoen eta zaintzaileen egoera larriagotu egin duela itxialdiak ohartarazi du Gipuzkoako AFAGI elkarteko presidente Koldo Aulestiak. Gainera, 29 urtean gaixoei eta senideei aurrez aurreko arreta eman ondoren, jarduera guztiak birmoldatu behar izan dituzte. Irailean gaixoen inguruko balorazioetan ari dira buru-belarri lanean, konfinamenduak eta pandemiak beraiengan izan duten eragina neurtzeko.