Edukiontzi marroira oker botatako hondakin ez organikoak murriztu nahi dituzte Debabarrenean

Barren.eus 2020ko ira. 15a, 18:18

Debabarrenako Mankomunitateak Deba, Mutriku, Eibar, Ermua eta Elgoibarko edukiontzi marroietan botatako hondakinen jarraipena egin du, hamar astez, herritarren ohiturak aztertzeko, eta hainbat "puntu beltz" identifikatu dituzte, non mota guztietako hondakin ez-organikoak edukiontzi marroira botatzen diren. Elgoibarren hiru puntu beltz atzeman dituzte.

Mankomunitateak urtea hasi zenetik alarma egoera dekretatu zen arte aztertu zituen aipaturiko herrietako edukiontzi marroiak. Ondorioztatu dutenez, edukiontzi batzuetan mota guztietako hondakin ez organikoak antzeman dituzte. “Zoritxarrez, beste edukiontzi batzuetan bota beharreko hondakin ez organikoak zituzten poltsa ugari agertu ziren”, adierazi dute mankomunitateko arduradunek. 

 • 46 puntu beltz Debabarrenan
Azterketa egin zenean edukiontzi marroietan hondakin ez-organikoen 100 poltsa baino gehiago agertu ziren ”puntu beltzak” identifikatu dituzte. Mutrikun hamabost puntu beltz identifikatu dituzte, Deban eta Eibarren hamahiruna, hiru Elgoibarren eta bi Ermuan. "Udalerri batzuetan, hondakinen %12a da desegokia eta marroia ez den beste edukiontzi batera bota beharko lirateke".
Abuztu amaieran ikuskapen bat egin zuen Mankomunitateko Ingurumen Sailak, hondakinak edukiontzi marroira oker botatzen dituzten erabiltzaileen profilak ezagutu eta jarrera desegoki horiek geldiarazteko hartu beharreko neurriak baloratzeko. Ikuskapenaren ostean, Mankomunitateak zera baieztatu du: oraindik asko dira edukiontzi marroia kutsatzen ari diren mota guztietako hondakinak dituzten poltsak. Herritar gehienek egindako lan onari kalte egiten diote gutxi batzuek daudela ohartarazi dute, "arrazoi desberdinengatik ez dituztelako hondakinak bereizten eta, gainera, nahasita uzten dituztelako edukiontzi marroian". Arazoari konponbidea emateko lanean ari direla iragarri dute.

Mankomunitatea aukerak aztertzen ari da edukiontzi marroira botatzen diren desegokien kopurua ahalik eta gehien murrizteko. Hala ere, azpimarratu dute "oso nabarmena" izan dela frakzio organikoaren gaikako bilketan egin den aurrerapena edukiontzi marroia mankomunitate osoan martxan jarri zenetik. "2019an 5.143 tona biohondakin bildu ziren gaika, eta ondoren Epelek Bergaran duen instalazioan konposta egiteko erabili ziren". Mankomunitateak eskerrak eman dizkie etxean, lantokian edo enpresan hondakin organikoak –janari-hondarrak, batez ere– edukiontzi marroira behar bezala botatzen dituzten pertsona guztiei.

 • Helburua: 2030erako %70eko gaikako bilketa
Edukiontzi marroira botatako hondakin ez organikoen kopurua murrizteko lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker egin dira, eta Debabarrena Mankomunitateak uztailean onartutako helburua lortzeko aurrera pauso bat direla zehaztu dute. Helburua da 2030erako eskualdeko gaikako bilketaren % 70 lortzea.

2020 09 11 compost debabarrena mankomunitatea