Elgoibarko pentsiodunen mugimenduak datorren astelehenean ekingo die berriro mobilizazioei

Barren.eus 2020ko ira. 2a, 12:01

Abuztuko etenaldiaren ostean, astelehenean, irailaren 7an, Elgoibarko pentsiodunen mugimendua kalera aterako da berriro ere, bizi-baldintza duinak eskatzera.

Pentsiodunek elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, Kalegoen plazan, egiten ari diren murrizketak salatzeko, Covid19aren pandemiak eragindako krisiarekin adinekoen bizi-baldintzek okerrera egin dutela ohartarazteko eta pentsio duinak eskatzeko.

"Covid-ak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiak gure adinekoen bizi-baldintzak okertu besterik ez dituzte egin. Bizi-baldintza duinei eusteko zituzten baino askoz ere zailtasun gehiago dituzte orain. Osasun publikoan egin diren murrizketek ez diete laguntzen. Agintari politikoek anbulatorioa 17:00etan eta asteburuetan ixteko hartutako erabakiak herritarren arreta medikoa okertzen du, batez ere adinekoena eta zailtasun gehien dituztenena. Bestalde, pentsioak ez dira eguneratzen eta, askotan, miseriako pentsioak izaten dituzte, batez ere emakume pentsiodunek, eta, ondorioz, ezinezkoa zaie bizi-baldintza duinak mantentzea", adierazi dute Gaurgeroa-Duintasuna elkarteko arduradunek.
Murrizketen amaiera eta pentsio duinak eskatzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioak KPIren arabera eguneratzea, Elgoibarko pentsiodunen mugimendua kalera irtengo da berriro datorren astelehenean.