Abuztuan 94 positibo atzeman dituzte Elgoibarren eta bost Mendaron

Barren.eus 2020ko ira. 1a, 19:04

Atzemandako COVID19 kasuek gorakada izan zuten Elgoibarren amaitu berri den abuztuan: 94 positibo guztira (uztailean 23 atzeman zituzten). Pandemia hasi zenetik 179 kasu positibo erregistratu dira Elgoibarren eta bederatzi Mendaron.

Abuztu hasieran gora egin zuten Elgoibarren atzemandako COVID19 kasuek. Hil hasierako bi egunetan esaterako, abuztuaren 5ean eta 7an, hamarna kasu atzeman zituzten. Abuztuko bigarren hamabostaldian behera egin zuten atzemandako kasuek, baina oraindik ere ez dira desagertu. Atzo bertan bi kasu atzeman zituzten Elgoibarren. Mendaron bost kasu atzeman zituzten abuztuan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, 7.163 PCR proba egin zituzten atzo, eta 445ek eman dute positibo. Lurraldeka, 194 izan dira Bizkaian, 146 Gipuzkoan eta 89 Araban. Bestetik, 16 izan dira EAEtik kanpokoen artean hautemandako kasuak. Nafarroako Gobernuak bestalde, 1.415 PCR egin zirela azaldu du, eta horietatik 158 izan direla positiboak.

Erietxeei dagokienez, atzo 46 lagun ospitaleratu ziren EAEn –une honetan 249 pertsona daude ingresatuta; horietatik 33 Zainketa Intentsiboetako Unitatean– eta Nafarroan, 4 pertsona. Bestetik, Nafarroako Osasun Sailak emandako datuen arabera, pertsona bat zendu zen atzo.

 • Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoera
Martitzenero bezala, Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareak COVID-19ri dagokionez bizi duen egoera errepasatu du. Azken 24 orduetan Hernaniko Santa Maria Magdalena zentroko bi egoiliarrek positibo eman dute COVID-19an, eta, beraz, bederatzi dira gaur egun Gipuzkoako adinekoen egoitzetan positibo emanda dauden egoiliarrak: sei Donostiako Hermano Garate – San Ignacion eta hiru Hernaniko Santa Maria Magdalenan. Bestalde, Mendozak azaldu duenez, egun 32 dira COVID-19an positibo emanda dauden langileak, eta 11k jada gainditu dute gaixotasuna. Informazio osoagoa. www.gipuzkoa.eus

∞Lotura duten albisteak: