Jubilatuen Biltokian egingo dituzte odol ateratzeak aurrerantzean

Barren.eus 2020ko ira. 1a, 10:52

Azken bost hilabeteetan Olaizaga kiroldegian egin dituzten odol ateratzeak Jubilatuen Biltokian egingo dituzte aurrerantzean. Barikuan, irailaren 4an, izango da aurrenekoa.

Elgoibarko Odol Emaileen Elkarteak babes neurriak bermatu ahal izateko lokal handiagoa eskatu zion Elgobarko Udalari, eta honek Olaizaga kiroldegia laga zion odol ateratzeak egin ahal izateko. Apireletik hona Olaizaga kiroldegiko kantxa erabili dute odol ateratzeak egiteko, baina irailetik aurrera Jubilatuen Biltokia izango dute topagune, Eguneko Zentroa egon zen gunea, zehazki. Elkarteko kideak, Elgoibarko Udalak utzitako erabilera anitzeko gela erabiliko dute, espazio handia dauelako eta irisgarritasun baldintzetara egokitu baitute. 18:30etatik 20:30etara eman ahal izango da odola.

Elkartetik adierazi dutenez, COVID-19 gaitzak eragindako osasun larrialdi egoeran, segurtasun neurriak indartu egin dituzte, odola ematera bertaratzen diren pertsona guztien segurtasuna bermatzeko protokoloak ezarriz. "Beraz, bermatuta dago odol ateratzeak segurtasun osoz egiten direla, bai odol emaileentzat, bai horiei laguntzen dieten osasun langileentzat", adierazi dute.
 • Hitzordua hartzea derrigorrezkoa
Beharrezkoa izango da aurretiaz hitzordua eskatzea, 623 328 408 telefono zenbakira deituta. Eguazten eta eguen arratsaldetan jasoko dituzte deiak, baita barikuan bertan ere. Hitzordua WhatsApp bidez ere eskatu ahal izango da.
Udalak zein Elgoibarko Odol Emaileen elkarteak odol emaile ez direnei ere bertaratu eta elkartasun ekintza honetan parte hartzeko gonbitea luzatu dietee. Gogoratu behar da elkarteko kideak, beti osasun langile profesionalekin batera, hiru astetik behin biltzen direla odol ateratzeak egiteko, barikuetan zehazki.