Ostalaritzako establezimenduek eta diskotekek 1:30ean itxi beharko dituzte ateak

Barren.eus 2020ko uzt. 27a, 18:10

Ostalaritzan eta hiletetan segurtasuna bermatzeko, neurri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak, Pandemiaren bilakaerak lagatako datuak oraindik "kezkagarriak" direla-eta.

COVID-19aren jarraipen batzordean goizean adostutako neurriak azaltzeko agerraldia egin du Nekane Murga Osasun sailburuak, gaur arratsaldean. Aste honetan neurri berriak ezarriko direla azaldu du, ekainaren 18an ezarritakoak eguneratuz. Besteak beste, 01:30ean itxiko dira tabernak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 60 pertsona bildu ahal izango dira hiletetan nahiz hilbeiletan. Jaurlaritzak aste honetan bertan argitaratuko du neurri horiek zehazten dituen dokumentua, eta hor jasoko dituzten zenbait neurri aurreratu ditu Murgak, astebururako indarrean izango direnak. Honako hauek:

 • Ostalaritzaren eremuan

  • Tabernek ezingo dute 01:30ak baino beranduagora arte ireki, eta era berean, ezingo dute 06:00ak baino lehen zabaldu. Ordu erdi izango dute establezimenduak husteko. Neurri hori tabernetan, jatetxeetan, txokoetan eta elkarte gastronomikoetan aplikatuko da. Kanpokaldean, 24:00etatik aurrera, eserita eta terrazetarako mugatutako espazioan soilik kontsumitu ahalko da.
  • Ekitaldiek 100 pertsona baino gehiago biltzen dituztenean, lokalaren gehienezko aforoak ezin izango du gainditu % 80ko portzentajea, eta bertaratuak gehienez hamar laguneko taldetan banatuko dira.
  • Gainera, establezimendu guztietan, oro har, 1,5 metroko distantzia fisikoa bermatu beharko da mahaien artean. Distantzia hori mahaietatik hurbilen dauden pertsonen artean neurtu beharko da. Gehienezko okupazioa hamar pertsonakoa izango da.

 • Gaueko aisialdia
Diskotekek eta establezimenduek ere ezingo dute irekita egon 01:30 ordutik aurrera; % 60koa izango da gehienezko aforoa, eta dantza-pistarik gabe jarraituko dute (horren ordez mahaiak).
 • Beilatoki eta ehorzketetak
Beilatokietan gehienez 60 pertsona bilduko dira, bizikide izan ala ez, eta gehienezko aforoa % 60koa izango da leku itxietan. Beilatokietara ezin izango da bertaratu adierazitako pertsonen kopurua gainditzen denean, aldi berean etorri ez badira ere. Ehorzketetan ere 60 pertsona izango da gehienez onartuko direnak.

 • Gazteen lokalak
Debekatuta jarraitzen du gazteen lokaletako jardunak

 • Maskaren erabilera lantokietan
Lantokietan, ez da nahitaezkoa izango, norberaren mahaian eserita egonez gero eta segurtasun tarteak bermatzen badira. Halere, pasabideetan edota partekatzen diren espazioetan –bilerak, kasu– erabili beharko da.

Aginduak aukera ematen du lurraldearen eremu batean espezifikoki aplikatuko diren neurriak ezartzeko, egoera epidemiologikoaren arabera.