2030erako %70eko gaikako bilketa lortzea jarri du helburutzat Debabarrena Mankomunitateak

Barren.eus 2020ko uzt. 27a, 14:30

Debabarrena Mankomunitateko Batzar Orokorrak "Objetivo %70 Helmuga" izeneko plana onartu zuen, joan den uztailaren 22an egindako bileran. Plan horren helburua da gaika bildutako hondakinak urtero 520 tona handitzea, 2030ean 22.000 tonara iritsi arte.

Debabarrena Mankomunitateak jakinarazi duenez, helburu estrategiko gisa ezarri du 2030erako hondakinen gaikako bilketa %70era igotzea.

"2018/851 Europako Hondakinen Zuzendaritzak eta Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari den Hondakinen Legearen aurreproiektuak 2030erako gaikako bilketaren % 60ko helburua ezartzen dute, baina Mankomunitateko Batzar Nagusiak asmo handiagoko helburu bat onartu du gaikako bilketaren % 70era iritsi arte, ikusita jada lortu dela 2020rako gaikako bilketaren %50a gainditzea", adierazi dute Mankomunitateko arduradunek.

Gaikako bilketaren % 70era iristeko, Mankomunitateak hiru jarduera-eremu nagusi ezarri ditu: gaur egun beren etxeetan hondakinak banatzen ez dituzten herritarrak, elkarteak, saltokiak eta ostalaritza, eta, azkenik, industria-esparrua.

2019an bildu eta birziklatu ezin izan ziren 14.327 tona hondakinetatik, gehienak (11.107 tona) kaleko edukiontzi grisetan bildu ziren. Mankomunitateak adierazi duenez, "horrek esan nahi du hobetzeko tarte handia dugula hondakinak hiriguneetara botatzen dituzten sektoreetan."

 • Gakoak: herritarrak, saltokiak eta industria-sektorea
Etxean hondakinak banatzen ez dituzten herritarren inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratu du Mankomunitateak. Honako mezua zabaldu dute horientzako: "eguneroko ohitura pertsonal edo familiarretan aldaketa txiki batek komunitateari eta planetari mesede egiten dion ingurumen-hobekuntza esan nahi du". Konmtzientziazioan eragiteko hainbat kanpaina egingo dituztela aurreratu dute, eta kanpaina horiek hartzaile oso zehatza eta helburu argiak izango dituztela zehaztu dute: urtean errefusaren 520 tonaren sorrera sahiestea eta hondakinen birziklapena handitzea.
 • Ostalaritza eta merkataritza
2030erako ezarritako helburua lortzeko beste jarduera-eremu bat dira ostalaritza eta merkataritza. 2020an, ostalaritzari zuzendutako bi kanpaina egingo dituzte: bata beirari buruzkoa, Deban, Mutrikun eta Elgoibarren; eta bestea, frakzio organikoari buruzkoa, eskualde osoan. Azken horren helburua da hondakin organiko ugari sortzen duten establezimenduek (batik bat jatetxeak eta pintxoak dituzten tabernak) organikoa bereiztea. Horretarako, mankomunitatea establezimenduekin harremanetan jarriko da haien beharrak entzuteko eta beharrezko baliabideak eskaintzeko, hondakin organikoa birzikla dezaten.

Elkarte gastronomikoei dagokienez, bisitak eta informazio-hitzaldiak egingo dira, herri-erakunde horien "inplikazio-maila handitzeko".

Merkataritzan, helburua da "paperaren eta kartoiaren bilketa indartzea, batez ere inplikazio txikiagoa duten udalerrietan. Merkatariei gogorarazi diete Mankomunitateak kartoia biltzeko doako zerbitzua eskaintzen duela saltoki gehien dauden eremuetan."

Azkenik, industriaren sektorean ere "hobetzeko tarte handia" dagoela azpimarratu du Mankomunitateak. Debabarrenako industrialdeetan 2.100 tona hondakin biltzen dira nahastuta. Mankomunitateak gogorarazi duenez, "bilketa hau hiri-hondakinei zuzenduta dago, eta ez da industria-jardueran sortzen diren hondakinentzat". Industria-hondakinak kudeatzaile baimenduek kudeatu behar dituzte. Gaur egun, papera-kartoia eta egurra gaika biltzeko zerbitzu bat dago, "baina bilketa hori hobetu nahi da."