Tabernen itxiera ordutegia 00:00etara mugatu dute Mendaron, berez santanak liratekeen egunetarako

Barren.eus 2020ko uzt. 22a, 16:18

 

Koronabirusaren pandemia bete-betean jai-usain denak uxatu nahi ditu Mendaroko Udalak, jendea pilatzea eragozteko. Gaur, beste prentsa ohar bat kaleratu du Udalak gogoraraziz aurten ez dela santanarik izango eta dei egin die herritarrei  "errespetuz eta arduraz" jokatzera."Kontziente gara konfinamendu garai batetik gatozela, jendeak kanpora irten eta eguraldia lagun duela, herriaz, lagunez, familiaz, aisiaz...ohikotasunez gozatzeko gogoa duela, baina egoera ez-ohiko batean gaude; koronabirusa gure artean da oraindik, eta kutsatzeak ekiditeko prebentzio, higiene eta segurtasun neurri oro betetzen jarraitu behar dugu". Bide horretan zentzunez jokatzeko eskatu die alkateak herritarrei eta gogorarazi du ardura norbanakoarena dela.

Jai egunak izan beharko liratekeen egunetan mugatua izango dute ordutegia tabernek eta jatetxeek ere. Hasieran, 3:00ak artekoa izango zutela zabaldu zuen Udalak, baina gaur beranduenez 00:00etan itxi egin beharko dutela gogorarazi die. "Kontziente gara ostalaritza sektorearentzat oso egun garrantzitsuak direla jaiak, baina bidelagun izatea eskatzen diegu, orain arte egin duten eran. Egoera zaila da, baina bat eginik egingo dugu aurrera", esanez zuzendu zaie alkatea herriko ostalariei. Era berean, eta  Mendaron ez ezik inguruko beste herri askotan ere jaietan egon beharko luketela jakitun, jai bila kanpora ez irteteko eskatu die herritarrei. "Mendaron ez dago jairik, eta inguruko herrietan ere ez. Mugikortasuna mugatu behar dugu".