Elgoibarko eta Mendaroko eguneko zentroak ixteko agindu du Foru Aldundiak, gutxienez uztailaren 24ra arte

Barren.eus 2020ko uzt. 17a, 18:03

Gutxienez astebetez izango dituzte itxita, uztailaren 24ra arte.

 Mendaroko eguneko zentrokoek jakinarazi dute eguerdian zoom bidezko batzar batera deitu dituela Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta esan diela "Zarauzko makrojaiaren harira" kasu asko ari direla baieztatzen gazteen artean eta horrek zentroak ixtera behartu dituela, "badaezpada"."Maite Peñak esan du egoera larria dela. Gazteen artean positibo asko ari direla agertzen. Esan digu Mendaron bertan ere badaudela [gaur goizean Osasun Sailak emandako datuetan ez zen Mendaro agertzen. Uztailaren 10etik gaur arteko kasuen zerrenda ageri da]. Argi laga nahi dugu guk eguneko zentroan segurtasun neurri zorrotzenak bete ditugula eta itxi behar hau ez dela izan hemen kasuren bat agertu delako. Ahaleginak eta bi egiten ari gara elkar zaintzeko, eta hemen garbi gaude. Dakigun bakarra da kaltetu nagusienak adinekoak direla eta eguneko zentroko zerbitzu gabe gelditu direla batere kulparik gabeak, eta horrek amorrarazita gaitu", esan dute.

Gure eskualdekoez gain, beste herri batzuetako eguneko zentroak ere itxita daude. Ordiziako agerraldia izan eta berehala itxi zituzten, Ordiziakoa, Beasaingoa eta Lazkaokoa. Ondoren, Getariakoa, Zarauzkoa eta Tolosakoa itxi dituzte. Orio ere itxi zuten, baina kasu hartan egoitzan bertan agertu zelako kasu bat. Era berean, eta gaur jakinarazi dutenez, Eibarko Egogain eta San Andres egoitzetako irteerak ere eten egingo dituzte aldi baterako. 

2020 07 17 2019 08 20 eguneko zentroa elgoibar uparitzaga obrak amatuta