Maskaren erabilera derrigortuko du Jaurlaritzak gauerditik aurrera

Barren.eus 2020ko uzt. 15a, 12:57

Gauerditik aurrera derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea kalean eta espazio publiko itxietan, "pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere".

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Nekane Murgak eman ditu gauerditik aurrera indarrean jarriko duten erabakiaren gaineko azalpenak, 13:00etan egin duen agerraldian. Koronabirusak desagertu beharrean, "zirkulazioan" jarraitzen duela ohartarazi du Murgak, eta horri azken egunotako "infekzioen bilakaera" gehituta, "neurri berriak argitaratzea" erabaki dute.

Gauerditik maskara erabiltzea derrigorra dela ezartzen du Osasun Sailburuak argitaratutako aginduak, pertsonen arteko distantzia gorabehera, bai bide publikoan edo aire zabalean, bai erabilera publikoko edo jendeari zabalik dauden espazio itxietan, baldin eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartzerik badago.

Ostalaritzari dagokionez (tabernak, jatetxeak, elkarte gastronomikoak…), maskara erabili beharko da, eta edaria edo janaria "irensten den unean" bakarrik kendu ahal izango da. Gainera, mahai baten inguruan gehienez ere hamar pertsona egon ahalko dira, bai establezimendutik kanpo bai establezimenduaren barruan, eta ordutegi-luzapenak etenda geratu dira. Neurri horrek ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, jatetxeetan, txokoetan eta sozietate gastronomikoetan du eragina, bai eta diskoteketan eta gaueko aisiako gainerako establezimenduetan ere. Jaurlaritzak kalean alkohola edatea edo botila festa debekatu egin du.
Hondartzetan eta igerilekuetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da "joan-etorrietan", eta etzatean edo leku batean esertzean kendu ahal izango da, betiere metro eta erdiko tartea gordetzen bada, edo pertsonak elkarbizitza unitate berekoak badira.

Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke maskara. 

Osasun Sailburuak neurri horiek hartzeko motiboak honako hauek direla esan du: COVID-19aren bilakaera epidemiologikoa, eta, udako aldia hasi denean, normalitate berrian sartu izanak pertsonen pilaketak ekarri dituela eta dakartzala egiaztatu dela eta, hala, ez direla ari zaintzen aisia-ekintzen eta kolektiboan gozatzearen inguruko prebentzio-neurriak. Aipatu duenez, “ezin diogu birusari berriz ere abantaila hartzeko aukerarik eman”, eta erantzukizun hori erakundeena eta herritarrena da.
Pandemiaren bilakaeraren arabera neurri berriak aplikatzea ez du baztertu Murgak.

Hona neurri nagusiak, puntuz puntu:

  • Maskara janzten denean, egoki janztendela ziurtatu behar da: sudurretik kokotse-raino estali behar du maskarak. Erabili be-harreko maskarak ez du zertanhaize-balbula izan, ez bada behintzat erabilera profesionalerako.
  • Ondo janzten ez duenari 100 euroko isuna jarrioko diote Nafarroan. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian zenbatekoa izango den ez dute zehaztu.
  • Ostalaritzako lokaletan, ezingo dira 10 pertsonatik gorako taldeak batu mahaietan, ez establezimenduaren barruan, ez kanpoan. Gainera aginduak agintzen du egungo egoerak iraun bitartean eta agindu hori indarrean egon bitartean, ez dela ordutegiak zabaltzeko beste baimenik emango, eta eman direnak atzera botako ditu. Neurri horrek ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, jatetxeetan, txokoetan eta sozietate gastronomikoetan du eragina, bai eta diskoteketan eta gaueko aisiako gainerako establezimenduetan ere.Tabernetan eta terrazetan maskara jantzi beharko da, eta jateko nahiz edateko unean bakarrik kendu ahal izango da.
  • Debekatuta egongo da kalean taldean edariak kontsumitzea. Botila festak debekatuta daude beraz, «osasunaren kalterako jarrerak adierazten dituztelako”.
  • Cocktailak eta buffetak egin daitezke gehienez 25 laguneko taldeetan. Edozelan ere, bezeroen arteko segurtasun tartea zaindu beharko da mahaietan zein barran (establezimendu barruan eta baita kanpoaldean ere).
  • Maskara kendu ahal izango da kirola egiteko, betiere pertsonen arteko distantzia mantentzen den kasuetan. Kiroldegietan jarri egin beharko da eremu komunetan. Hondartzan eta igerilekuan maskara eraman beharko da. Uretara joateko edota toallan etzanda egoteko kendu ahal izango da bakarrik, distantzia gordetzeko aukerarik baldin badago. Toallan jarrita daudenak etxe berekoak baldin badira, ez dute jantzi beharrik izango, bai ordea mugitzean edo paseatzeko orduan.
  • Saltokietan eta jatetxeetan sartzeko orduan maskara jantzi beharko da (orain arte ere hala zen legez), eta establezimenduetako arduradunen esku egongo da neurriak betetzen direla bermatzeko ardura.
  • Lantokietan, maskara kentzeko aukera izango da, 1,5 metroko distantzia mantentzerik baldin badago.
  • Eraikin publiko guztietan maskara jantzi beharko da.
  • Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan jarduera oro egitea.