Kale inkesta: Zer irizten diozu anbulatorioko zerbitzuari?

Barren.eus 2020ko uzt. 10a, 18:03

Koronabirusaren pandemiagatik anbulatorioetako zerbitzuak egokitu egin behar izan dituztela zabaldu dute Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratutik (ESI), eta horregatik itxi dutela Elgoibarko Etengabeko Arreta Gunea (Urgentziak, 17:00etatik atzerako zerbitzua) eta horregatik ez dela Mendaroko anbulatorioan medikurik izango astean bi egunez.

Murrizketarik ez dela izan nabarmendu dute, baina berriak atezuan jarri ditu herritarrak eta mobilizazioak hasi dituzte. 

Koronabirusaren pandemiagatik aldaketak egin zituzten martxo erdi aldera Elgoibarko eta Mendaroko anbulatorioetan. Alarma egoera ezarri eta hiru hilabetera, baina, ekainaren 21ean, “normaltasun berria” hasi genuen Hego Euskal Herrian, konfinamendua arintzeko hirugarren eta azken fasea amaitzearekin batera. Anbulatorioetan, hala ere, zerbitzuak ez dira lehengoratu, ez oso-osoan behinik behin, eta herritarrak beldur dira koronabirusaren aitzakipean Osasun Sailak murrizketak aplikatzeko. Duela astebete, murrizketarik ez dela izan eta ez dela izango nabarmendu zuten Debabarrenako ESItik, baina ez zuten hala ulertu herritarrek, ez eta sindikatuek ere. Zerbitzua eskastu delakoan, ehunka erreklamazio-orri bete dituzte Mendaron herritarrek, eta Elgoibarren eta Soraluzen ere hasi dituzte mobilizazioak. Astelehenean, esaterako, manifestazioa egin zuten Elgoibarren, Duintasuna-GaurGeroa taldeko pentsiodunek deituta. Egoera horretan, Osasun Sailera eta Debabarrenako ESIra jo zuen BARRENek argibide gehiagoren bila, eta astelehenean iritsi zen erantzuna Debabarrenako ESIren prentsa-bulegotik: “Momentuz, ez da gai honen gainean ezer gehiago argituko".

 • Anbulatorioetako ordutegi eta zerbitzuak

Martxoaren 15az geroztik, lehen arreta telefonoz egiten ari dira gure osasun-zentroetan, eta soilik medikuak “beharrezkoa ikusten duenean”, ematen duten aurrez aurreko hitzordua. Nork bere anbulatoriora deitu behar du horretarako. Txandak, hala ere, luzerako ematen ari direla ohartarazi dute herritarrek. Larrialdiren bat izanez gero, Mendaroko Ospitalera jo behar da zuzenean, eta Etengabeko Arreta Gunea (pandemia hasi aurretik 17:00etatik atzera Elgoibarko anbulatorioan ematen zuten zerbitzua) Eibarko Torrekuan dago. Koronabirusaren pandemia hasi zenean itxi zituzten Elgoibarko Etengabeko Arreta Gunea, Ermukoa eta Eibarko Toribio Etxeberria kalekoa.

  • Elgoibarko anbulatorioa: 943 032 610 (8:00etatik 17:00etara zabalik).
  • Mendaroko anbulatorioa: 943 756 143 (8:00etan zabaltzen dute, eta 15:00etan itxi, baina ELAtik ohartarazi dute doan medikuaren arabera gerta daitekeela egun batzuetan 13:00etan ixtea). Era berean, uztailean eta abuztuan emango duten zerbitzua ere ez dagoela argi salatu dute ELAtik. Anbulatorioan astean hiru egunez mediku-zerbitzua emango zutela agindu zuten, baina gaur-gaurkoz ez dagoela lotuta ohartarazi dute, eta medikuek eurek ere ez dutela jakinarazpen argirik jaso.

Debarrenako ESIk zerbitzu integratuak ematen dizkie Debabarreneko eskualdeko 76.000tik gora biztanleri. Zerbitzua emateko, baina, lehen mailako arretako bost unitate eta Mendaroko Ospitalea ditu Debarrenako ESIk. Elgoibarko unitatean, Elgoibar, Soraluze eta Mendarori ematen diote zerbitzua.

2020 07 06 manifestazioa anbulatorioa murrizketak