Udan zailagoa da segurtasun odol-biltegiei eustea, odol emaile ugari kanpoan egoten direlako, eta, beraz, odol gutxiago ematen delako. Hori dela-eta, urte guztian garrantzitsua den arren, sasoi honetan are garrantzitsuagoa dela odola ematea ohartarazi dute odol emaleen elkarteko arduradunek. Ildo horretan, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak ere odola emateko 55. kanpaina jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurtengo kanpainari 'Besarkaden zain, besoen beharrean' izenburua jarri diote, eta Gipuzkoako herritarrei dei egin diete odola ematera anima daitezen. Odol bankuak 1.244.000 odol emate jaso ditu bere ibilbideko 55 urteetan, eta urrian 1.250.000 odol ematera iristea da jarri duten helburua. Giùzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakari Sabin Urcelayk adierazi duenez, orain dela 55 urte, elkartea lehen urratsak egiten hasi zenean, apenas jasotzen zituzten 200 poltsa urtean. Ildo horretatik, zehaztu duenez, “urte hauetan guztietan lortutakoa oso garrantzitsua da; hala ere, dei hau egiten diogu gipuzkoarren elkartasunari, aukera izan dezagun erreserba-mailei eusten jarraitzeko, eta horrela, behar dugunean, transfusio bat jasotzeko denok dugun eskubidea bermatzen jarraitzeko”.
Elkarteak urtean 30.000 poltsa jasotzen ditu, gutxi gorabehera, eta 18.000 odol emaile aktibo ditu.
• Odola emateko izenematea
Elgoibarren bariku honetan, uztailaren 10ean, odola eman nahi duten lagunek aurrez izena eman beharko dute 623 328 408 telefono zenbakira deituta. Aurrekoetan egin duten moduan, Olaizaga kiroldegian egingo ditu odol ateratzeak, 18:30etik 20:30era.