'Guztion Artean' elkartasun sare antolatua desegin dute, behin behinean

Barren.eus 2020ko uzt. 8a, 09:11

Behin “normaltasun berrira” iritsita, sarearen bitartez etxetik atera ezinda eta sarri bakardade egoeran zeuden pertsonei, eta hauen familiei, arreta ematea helburu nagusia zuen 'Guztion Artean' sarea behin behinekoz bertan behera uztea erabaki dute.

Nagusilan eta Gurutze Gorriaren gidaritzapean guztira 38 bolondres aritu dira lanean Guztion Artean elkartasun sare antolatuan. Sare honen bitartez Elgoibarko hamasei familiak (26 heldu eta 4 ume) jaso dute laguntza. Familia horiei zerbitzu ezberdinak eskaini zaizkie: bakardade egoeran zeuden adinekoei telefono bidezko laguntasuna eman, erosketak egin eta etxera eramateko zerbitzua, zaborra jaitsi, anbulategiko paperak etxeetara gerturatu, medikazioa botikan zein Mendaroko ospitalean jaso eta etxera eraman, Mendaroko ospitalera ingresatutakoei beharrezko zenbait gauza eraman, e.a. Ahal izan den neurrian, laguntza behar zuten beharretara moldatu direla zehaztu dute.

Pasa den ekainaren 26an, alarma egoeran emakumeei babes eta arreta eskaini dien “Elgoibarren GERTU” zerbitzua eten ondoren, ekainaren 30ean bukatu zen “GUZTION ARTEAN” ekimenaren jarduera ere.
Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Gurutze Gorriak eta Nagusilanek elkar hartuta eta Eusko Jaurlaritzak sortutako elkartasun sare antolatua izan da eta bere baitan, ia 40 pertsona aritu dira lanean boluntario gisa Elgoibarren, koronabirusak, zein honen ondorioek, eragindako familiei lagundu nahian.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dute berriro aktibatuko dutela sarea, egoerak horrela eskatuko balu.
Elgoibarko Udalak publikoki eskerrak eman dizkie sarean parte hartu duten erakunde eta norbanakoei, euren lanari eta jarrerari esker jasotako eskaerei erantzun egin ahal izan dietelako."Eskerrik asko bolondresei, Nagusilan eta Gurutze Gorriko kideei eta herriko eta botiketako profesionalei, Udal gizarte zerbitzuetan beharrezkotzat baloratutako eskaerei erantzun azkar eta prestua eman ahal izan delako", adierazi dute udal arduradunek.

∞Lotura duten albisteak: