Uztailean eta abuztuan hiru egunera mugatuko dute azkenean mediku-zerbitzua Mendaroko anbulatorioan

Barren.eus 2020ko uzt. 1a, 14:35

Alegia, azkenean, erizainak ez ezik medikuak ere kontsulta pasatuko duela uztailean, astean hiru egunez (erizainak asteko bost egunetan), eta abuztuan, bi egunez itxiko dutela Mendaroko anbulatorioa, bost egunez beharrean. Gainerako egunetan Elgoibarko anbulatorioan jasoko dute zerbitzua. Nolanahi ere, zerbitzua eskastu egin da, Mendaroko anbulatorioan beti eman izan dutelako orain emango dutena baino zerbitzu hobea.

 Arindua hartu dute mendaroarrek ESI Debabarrenaren atzera egitearen berri jakitean, eta balio izan du askoren haserrea baretzeko, baina hala ere, ez daude konforme. Udalak berak ere hala esan du ohar bidez: "Erdibideko irtenbide bat bilatu da, baina erabateko osasun arreta erreklamatzen jarraituko dugu, eta horretarako hainbat bilera eskatu ditugu datozen asteetarako. Herritarren ongizatea lehen mailako gaia da Udalarentzat". 

 
Joan zen astean zabaldu zuten ESI Debabarrenak Mendaroko anbulatorioko zerbitzuan izango ziren aldaketen berri ematen zuen oharra. Haren arabera, uztailean, erizaintza-zerbitzua ematera mugatzekoak ziren Mendaroko anbulatorioan, eta abuztuan, ixtekoa zuten. Bi arrazoi eman zituzten erabakia argudiatzeko: Batetik esan zuten normaltasun berrirako bidean, Osakidetzak osasun-arreta antolatu beharra izan duela, deseskalatze fase honetan kutsatzeak eta agerraldi berriak saihesteko, eta horregatik, udako hilabeteetan beharrezkoa ikusi dutela Lehen Mailako Arretako Unitateetan arreta sektorizatzea eta bereiztea. Erabaki horrek Mendaroko anbulatorioa barne hartzen zuen Elgoibarko Unitateari ere eragiten ziola jakinarazi zuten. Bestetik, osasungintzako langileek oporrak hartzeko zuten eskubidea eta beharra aipatu zituzten. Horren harira esan zuten aurten eta bizi dugun egoera apartekoagatik, osasungintzako langileek oporrak aurreko urteetan baino denbora-tarte laburragoan hartu behar zituztela eta horregatik uztailean eta abuztuan aurrez aurreko zerbitzu medikoa Elgoibarren emango zitzaiela mendaroarrei. 
 
 • Erizaintza-zerbitzua eta larrialdiak
 
Arnasa hartzeko ezina edo COVID19ari lotutako sintomak dituzten pazienteak Elgoibarko osasun zentroan artatzen jarraituko dute, esan bezala, udako hilabeteetan, arreta sektorizatzea eta bereiztea erabaki dutelako udako Lehen Mailako Arretako Unitateetan. Era berean, eta joan zen asteko oharrean ESI Debabarrenak berak zioen moduan, uztailaren 1etik 24ra bitartean programatutako erizaintza eskariari erantzungo diote Mendaroko anbulatorioan, 8:00etatik 13:00etara. Larrialdiko arreta, bestalde, Mendaroko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetan emango dute, eguneko 24 orduz. Bestalde Torrekuako EAG zabalik egongo da udan,arnas sintomak (COVID-19ari lotutakoak) nahiz arnas sintomarik ez dituzten pazitneei arreta emateko. Ordutegia honakoa izango da: 17:00etatik 8:00etara lanegunetan, eta 24 orduz zapatu, domeka eta jaiegunetan.