Lau emakume eta bost adingabe artatu dituzte alarma egoeran indarrean egon zen 'Elgoibarren Gertu' zerbitzuan

Barren.eus 2020ko eka. 26a, 13:33

“Normaltasun berrira” iritsita, Udalak “Elgoibarren GERTU” zerbitzua, telefono bidezkoa eta birtuala, ixtea erabaki du. Alarma egoera indarrean egon den bitartean indarkeria matxistaren inguruko hainbat kasuistika artatu dituzte laguntza zerbitzuan, eta emakume horien profilak ere askotarikoak izan dira.

Guztira, lau emakume artatu dituzte, indarkeria-gertakariak jasan dituztenak konfinamendu garaian; eta ez dira emakumeak bakarrik artatu, izan ere, zerbitzuaren bidez seme-alaben arazoei ere erantzun zaie, indarkeriaren biktima izan baitira, bost adingabe guztira.

Martxoaren 14an onartutako alarma egoeraren ondorioz, herritarrak beren etxeetan sartu behar izan ziren COVID-19aren hedapena geldiarazteko. Emakume askorentzat, etxea aterpe izan da, baina beste batzuentzat, berriz, etxea leku arriskutsu bihurtu zen, emakume batzuek erasotzaileekin bizi behar izan baitute azken hilabeteetan. Zentzu honetan, Elgoibarko Udalak, martxoaren amaieran, “Elgoibarren GERTU” laguntza zerbitzua jarri zuen martxan, telefono bidezkoa eta birtuala, koronabirusak eragindako alerta egoerak irauten zuen bitartean, indarkeria matxistaren arriskua zuten emakumeei lagundu ahal izateko.

Udalak zerbitzua etetea erabaki du orain, gaurtik aurrera. Hala ere, Udaleko Gizarte Zerbitzuak zabalik daude berriro, eta 943 741 050 telefonoan arreta ematen jarraituko dute. (7:00etatik 15:00etara)
Gogoratu beharra dago, Gizarte Larrialdietarako Koordinazio Zerbitzua, eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan, abian dagoen zerbitzua dela, gizarte zerbitzuen ordutegitik kanpo, Gipuzkoako lurraldean sortzen diren gizarte larrialdi egoerei berehalako arreta emateko sortu dena, beharrezkoak izan daitezkeen esku-hartzeen koordinazioa bermatzeko, eta bidezkoa den kasuetan, zuzeneko esku-hartzea egiteko. Telefonoa: 943 22 44 11 (7:00etatik 21:00etara), 112 SOS DEIAK zerbitzuaren bidez (21:00etatik 7:00etara) – E-posta: sfus@gipuzkoa.eus.