Enara Larrain: “Umeei esan behar diegu normatiboa den hori fantasia dela, norbaitek sortu eta idatzia”

Barren.eus 2020ko eka. 26a, 09:18

Erizaintza ikasi zuen Enara Larrainek eta psikologia masterra egin zuen gero Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikerlari ere aritu da, eta gaur egun, irakaslea da Tolosako Inmakulada ikastolan. Nerabeekin egiten du lan eta LGTBIfobiak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako ikastetxeetan duen eraginaren inguruan egin zuen tesia. “Nire galdera propioei erantzun nahi nien”, dio. LGTBI kolektiboko kide da, eta feminista aktiboa. San Joan egunez on-line formazioa eman zuen Elgoibarko Berdintasun Sailak antolatuta.

 

 • Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan nerabeen kontra ematen den LGTBIfobia aztertu duzu. Zer da ikastetxeetan topatu duzuna?
Estatu mailan aurkitutako emaitza antzekoak, tamalez. Askotan esaten dugu hemen askoz aurrerakoiagoak garela, askoz toleranteagoak, baina emaitzek argi erakusten dute gezurra dela. 11-17 urte bitarteko 1.748 ikasleko lagina aztertu genuen guk, eta lagin hori bitan banatu genuen: batetik, heterosexualak eta bestetik, ez heterosexualak, eta ikusi genuen ez heterosexualek eskola jazarpen eta ziberbullying gehiago sufritzen zutela. Galdekatutako ikasle ez heterosexualen %68k jasan zuten ikaskideen jazarpena noizbait, eta %54k, ziberbullyinga. Ikusi genuen, era berean, ikasle ez zisgeneroetan eskola jazarpena jasan zutela noizbait ikasleen %74k eta ziberbullying-a, %48k. Beraz, LGTBI kolektiboan %50k baino gehiagok eskola jazarpena edo ziberbullyinga sufritu zuten noizbait. Era berean, ikusiarazi nahi nuena zen bullying LGTBIfobikoa ez dela LGTBI kolektiboaren arazoa bakarrik, baizik eta gizarte osoarena, denoi eragiten digulako. Eta hor, lagin guztia kontuan hartuta, ikusi genuena zen ikasle guztien %60k sufritu zutela noizbait eraso LGTBIfobikoren bat eta %73,4 erasoren baten testigu izan zirela noizbait. Beraz, garbi ikusi genuen gizarte osoari eragiten dion kontua dela.

 • Irainak, jipoiak... Ikastetxeetan indar handiagoz ematen al dira?
Bai. Beste autore askok ere esana dute LGTBIfobia eremu guztietan sufritzen dela, baina indar handiagoarekin ikastetxeetan, eta gainera, sufritzen dituztenek ondorio larriagoak izaten dituztela, azken batean denbora luzea ematen dutelako gazteek ikastetxean, egunean gutxienez sei ordu. Ikastetxeek askatasun eremua izan beharko lukete, ikasleek beraiek diren bezalakoak direla adierazteko gunea, eta ez soilik orientazio sexualari dagokionez, baina oraindik ere mezua, mezu patriarkal eta heteronormatiboa, oso sartuta daukagu, bai irakasleen diskurtsoan, bai eskola materialean, eta baita liburuetan ere. Hezkuntza Sistema aldatu egin behar da. 0tik hasi beharko genuke ikasleek diren bezala agertzeko askatasuna izan dezaten ikastetxeetan. Ez du balio maiatzean LGTBIfobiaren aurkako egun bat ospatzearekin. Feminismoa, pedagogia afektiboak eta queer pedagogiak landu behar dira, informazio asko dagoelako, baina formazio gutxi.

 • Arazoa identifikatuta dago. Zeintzuk izango lirateke arazo horri erantzuteko gakoak? Nondik hasi beharko genuke?
Erreferenteak eman behar dizkiegu gazteei. 11-17 urteko ikasleei galdetu genienean ea LGTBI kolektiboko pertsonak ezagutzen zituzten eta bereziki transexualik ezagutzen zuten %80k ezetz erantzuten zuten. Eta ez nien galdetu euren ingurune gertuaz, baizik eta orokorrean. Hori oso larria da, haurren imaginarioa hain heteronormatiboa bada, normatiba horretatik kanpoko erakarpenen bat sentitzen dutenek ez dutelako esango edo agertuko, ez direlako arruntak sentituko. Nik ere neskalaguna daukat, eta beti esaten dut gu geu garela gure erasotzaileak. Mezu heteronormatibo hori jaso dugu, hori ikasi eta barneratu dugu: ez garela gizarteak ezarritako kanonetan sartzen. Horregatik, imaginario hori handitu beharko genuke, beste ezer baino lehen. Umeei esan behar diegu normatiboa den hori fantasia bat dela, norbaitek sortu eta idatzi duena, baina beti ere hegemoniatik, gizon txuri, heterosexual... baten ikuspuntutik. Baina anitzak gara denok, eta ez bakarrik LGTBI kolektibokoak. Mugimendu feministatik patriarkatua eraisteko eskatzen dute eta bidea hori da, baina hain dago errotua, zaila dela. Patriarkatua eraisteko denok egin behar dugu lan, ez bakarrik Hezkuntzako profesionalek. Irakasle askok sentitzen dute erremintak falta dituztela, zenbait egoerari aurre egiteko. Era berean, eta ikasleei hezkuntza sexuala eman arren, gurasoek formazio hori ez badute, jai dago.

 • Begiralearen figura aipatu duzu. Zertan da berezia?
Eskola jazarpenaren kontrako kanpaina asko erasotzaileetan eta biktimetan zentratu dira, baina begiralearen figura, txibatoarena, oso figura garrantzitsua da. Zer gertatzen da LGTBIkoen kasuan? Defentsa gutxiago dutela, begirale diren horiek beldur direlako erasoa salatuz gero eurek ere koletibo hortakotzat joko dituztela eta biktimizatuko dituztela. Begiraleei ere erremintak eman behar dizkiegu jakin dezaten nola jokatu behar duten, eraso baten aurrean ezer egiten ez duena ere erasotzaile bihurtzen delako. Behatzaileek gainera zera pentsatuko dute, eraso horiek ikustean: nola izango naiz ni aske naizen bezala adierazteko, jakinda neuri ere egingo didatela hori.

 • Gurasoak inguratuko zaizkizu formazio saioetara. Zeintzuk dira haien kezka nagusiak?
LGTBI den seme-alabarekin nola jokatu behar duten, baina nik beti esaten diet hori ezin dela kezka edo arazo izan. Egin behar duten galdera beste bat da: nire seme-alaba homofoboa al da? Nire seme-alaba erasotzailea al da? Kezkatzen gaitu gure alaba lesbiana izateak, baina hori ez da arazoa: arazoa ezin da izan sekula LGTBI kolektibokoa izatea. Arazoa beste bat da: suizidioa. Gurasoek sentitzen dute ez dutela erremintarik seme-alabei formazio egokia emateko horren inguruan, batez ere seme-alaba transexualak dituztenek. Egia da kezka handia dutela gurasoek, baina egia da, era berean, konpromiso falta bat ere badutela askok: ‘Eskolan hitz egingo diete horren inguruan’ entzuten diegu askori. Irakasleen esku uzten dute hezkuntza hori, baina eskutik emanda egin beharreko zerbait izan beharko litzateke. Gurasoek ere kontzientzia hartu behar dute ikastetxeetan gertatzen diren erasoez. Suizidioak LGTBI kolektiboan zeukan prebalentzia ikusteko ikerketa bat egin zuten estatu mailan eta ikusi zuten kasuen %18k beren burua hiltzeko saiakera egin zutela, behin baino gehiagotan. Beraz, ez gaitu kezkatu behar semealaba gay edo lesbiana izateak, sexu berekoak gustatzeak ez gaituelako egiten suizidiorako gaiago. LGTBI izateagatik jasaten ditugun eraso guztiek, egunero jasaten ditugun irain, mespretxuzko begirada, gutxiespen mezu eta bestelakoek handitzen dute suizidiorako prebalentzia. Badago jende bat halakoen artean indartsuago agertzen dena, baina beste jende askok ezin ditu eraman, ez duelako sostengurik inguruan.

 • Zeintzuk dira homofobiaren ezaugarriak? Eta LGTBI kolektiboaren barruan zeintzuk dira kalteberenak? Zergatik?
Ezaugarriak hiru dira, batez ere: sostengu eza da bat. Batetik, biktima izaten ari denak beldurra izango du irakasleari edo gurasoei esateko, azalpenak eman beharko dituelako. Gero, gainera, mezu heteronormatiboa barneratua izango duenez eta errudun sentituko denez, ez du laguntzarik eskatuko eta begirale direnek ez diote lagunduko. Biktimak eurak izango dira, gainera, euren buruen lehenengo erasotzaileak eta justifikatu egingo dituzte erasoak. Horregatik, itzaletan mantenduko dira, ahalik eta atentzio gutxien deitzeko. Ikerketa batek erakutsi zuen LGTBIfobiaren biktima ziren ikasleen %67k ez zutela laguntza eskatu, ez zutela ikastetxeetan kontatu. Normalizazioaren kontua nabarmendu nahiko nuke. Jende askok uste du nerabezaroan eta adin tarte batean marica edo maricón moduko irainak normalak direla, eta irakasleek-eta -eta neu ere sartzen naiz hor- ez diete duten garrantzia ematen. Beharbada, irain arrazistei garrantzi handiagoa ematen diegu denok ere. Kolektiboaren barruan, pertsona transexualak dira kalteberenak, ikusezinenak direlako. Nerabeei oraindik asko kostatzen zaie ulertzea zer den orientatzio sexuala eta zer den identitate sexuala, eta horregatik asko ez dira eroso sentitzen pertsona transexual baten aurrean, baina hori ezjakintasunagatik da. Ikusi da, era berean, gay direnek lesbiana direnek baino eraso gehiago sufritzen dituztela, baina horrek badu azalpena: gure gizarte hau androzentrista da; maskulinitatea da protagonista eta mutil homosexualak dira maskulinitate horren lehen mehatxua. Eta baita lesbianak ez direlako aintzat hartzen ere. Bi emakumeren arteko harremana ez da errealtzat hartzen ez dagoelako gizonik tartean, baina ez dute trabarik eta listo

 • Zerbait gehitu nahiko zenuke?
Nik beti esaten dut normalitate kanonaren barruan sartzen diren pertsonak gutxiengo bat direla; gehiago garela gu, gainerako guztiak. Beti mantendu nahi gaituzte itzaletan, baina garaia da geuk hartzeko hitza.