Mendaroko haur parke guztiak eta kirolguneko ur txorrotak zabalik daude

Barren.eus 2020ko eka. 24a, 13:48

Trinitateko parkea, Mendarozabal, San Agustin eta Zelaikua parkeak eta kirolguneko ur txorrotak ireki dituzte gaur Mendaron. Gune horietako garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko ditu Mendaroko Udalak.

Haur parkeak ireki aurretik "guztiz desinfektatu" dituela jakinarazi du Mendaroko Udalak. Lehenik “karcher” batekin garbitu dituzte eta ondoren hipokloritoa erabili dute fumigatzaile bidez, batez ere joko eremuak garbitzeko. Maiztasunez garbitu eta desinfektatuko ditu Udalak haurrentzako jolastokiak, herritarren segurtasuna babesteko. Hala ere, erabiltzaileek ere arduraz jokatzea eta segurtasun neurriak errespetatzea garrantzitsua dela ohartarazi dute. Horretarako, informazio kartelak jarriko dituzte bete behar diren arauekin, gurasoek eta haurrek kontuan izan ditzaten. 

Eskuak maiz garbitzea gomendatzen da, eta 2 metroko tartea utzi behar da etxe berean bizi ez diren pertsonen artean. Tarterik ezin bada utzi, maskara erabili beharko da. Udalak herritarrei eskatzen die “zentzuz eta elkartasunez” jokatzeko eta “agintarien osasun aholkuak” jarraitzeko. Gainera, koronabirus sintomak izanez gero, kalean ez ibiltzeko eta osasun zentrora joan behar dela gogorarazi du Mendaroko Udalak.
Ikastolako jolastokia uztailaren 1ean irekiko dute, eta segurtasun irizpideak bete beharko dira hor ere.

∞Lotura duten albisteak:

2020 06 24 haur parkea mendaro garbitzen 2020 06 24 ur txorrota mendaro