Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Mendaroko anbulatorioan, uztailerako medikuarenerako aurrez aurreko hitzordurik ematen ari ez zirela jakinda, Mendaroko Ospitaleko idazkaritzarekin, Debabarrenako ESIko zuzendaritzarekin eta Osasun Sailarekin harremanetan jarri da birritan BARREN, azalpenak eskatzeko, bai eta Mendaroko Udalarekin ere, eta gaur etorri da erantzuna Debabarrenako ESItik, ohar bidez.

Oharrean baieztatu dute uztaila eta abuztuan mediku-zerbitzurik ez dutela emango Mendaron, eta Elgoibarko anbulatoriora joan beharko dutela mendaroarrek medikuarenera. Uztailean, erizaintza-zerbitzua izango dute.

 

2020 06 21 Mendaroko anbulatorioa erreklamazio orriak

Mendaroarrak erabat sumindu ditu erabaki honek eta dozenaka lagun joan dira gaur anbulatoriora erreklamazio-orriak aurkeztera, irudiko gizonaren antzera. Gaur goizean, kalean galdezka jardun gara eta haserre hitz egin dute herritarrek. Debabarrenako ESItik ohar baten bidez jakinarazi dute, abuztuan itxita egongo dela Mendaroko anbulatorioa, eta uztailaren 1etik 24ra bitartean, erizaintzara mugatuko dutela anbulatorioko zerbitzua. Uztaileko ordutegia 8:00etatik 13:00ak artekoa izango da, eta tarte horretan, aldez aurretik hartutako erizaintzako txandak emango dituzte prozedura diagnostikoak, terapeutikoak (sintrom, sendaketak, analisiak, injekzioak) eta bestelakoak egiteko. Zerbitzurik ez dela kendu nabarmendu dute eta ez dutela kenduko ohartarazi. Hala ere, bistan da, aldi batez behintzat, zerbitzua murriztuko dela. Bi arrazoi eman dituzte: Batetik, normaltasun berrirako bidean, Osakidetzak osasun-arreta antolatu beharra izan duela, deseskalatze fase honetan kutsatze berriak eta balizko agerraldiak saihesteko. Horregatik, udako hilabeteetan "beharrezkoa" ikusi dute Lehen Mailako Arretako Unitateetan arreta sektorizatzea edo bereiztea: profesional batzuek arnas klinika duten pazienteak artatzen dituzte eta beste batzuek arnas klinikarik gabeko pazienteak. Eta hori eremu guztietan egiten dutela, baita Mendaroko anbulatorioa barne hartzen duen Elgoibarko Unitatean ere. Bestetik, osasungintzako langileek oporrak hartzeko duten eskubidea aipatzen dute oharrean. Hala dio oharrak: "Osasun-premia hauek bat egiten dute gure profesionalek merezitako oporrak disfrutatzeko beharrarekin. Horregatik uztailean eta abuztuan aurrez aurreko arreta medikoa Elgoibarren emango zaie Mendaroko herritarrei". Horren harira diote aurten, bizi dugun aparteko egoeragatik, osasungintzako langileek oporrak aurreko urteetan baino denbora-tarte kontzentratuagoan hartu beharko dituztela, "COVID-19aren udazken-neguko agerraldi posible baten aurrean ondo prestatuta egon ahal izateko".

Mendaroko Udaletik, berriz, jakinarazi dute Iñaki Arregi alkatea gaur batu dela Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordearekin, "gaia bideratu eta mendaroarren kezkak eta ardurak mahai-gaineratzeko". Arregik berak esan du erantzuna positiboa izan dela, eta gaia bideratzeko konpromisoa ikusi duela. Anbulatorioa zabalik izateari "ezinbestekoa" iritzi dio alkateak, osasuna "lehentasunezko gaia" delako eta "lehen arreta, ezinbestekoa". Arregik nabarmendu du hartu-eman zuzena dutela Osasun Sailarekin eta lanean ari direla epe laburrean gaia bideratzeko. Era berean, eta sare sozialen bidez zabaldu duen oharraren bidez, agindu du uneoro emango dizkiela herritarrei gertatzen ari denaren inguruko xehetasunak.

2020 06 22 anbulatoriorik ez mendaro herritarrak haserre

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza