Gorka Luna: “Baldintza gogor horietan nola erantzungo nuen probatu nahi nuen”

Barren.eus 2020ko eka. 19a, 07:36

Ume-umetatik izan du antzerkirako zaletasuna, zainetan darama artea eta saltsero hutsa dela dio. Gorka Luna (Elgoibar, 2000) da, ‘El Conquistador del Caribe’ realityan parte hartu duen elgoibartarra. Berak nahi baino egonaldi laburragoa egin zuen saioan, baina hala ere, ez da damutzen parte hartu izanaz.

‘Ahora caigo’ eta ‘Atrápame si puedes’ lehiaketetan ere parte hartutakoa da, eta ‘GoAzen!’ telesailean figurante lanak ere egin izan ditu. Madrilen ari da antzerkirako ikasketak egiten, eta etorkizunerako ibilbidea arte eszenikoen bidetik egin nahi du.

 

 • Madrilen ari zara antzerkigintzarako ikasketak egiten. Zertan ari zara zehazki?
Hiru urteko antzerkigintza diplomatura egiten ari naiz, eta oso gustura nabil. Betidanik gustatu izan zait niri antzerkiaren mundua. Herri Eskolan nenbilenean beti aurkezten nintzen boluntario antzerkietarako, eta DBHko 4. mailan nengoela GoAzen! telesailerako casting baten berri eman zidan lagun batek. Ez nuen gehiegi pentsatu, eta izena eman nuen casting-a egiteko. Ez ninduten aukeratu, baina figurante bezala parte hartzeko aukera izan nuen hiru urtez. 16 urte nituen, eta balio izan zidan casting-ak nolakoak diren ikasteko, eta baita telebista mundua barrutik nolakoa den ezagutzeko ere. Gero, Batxilergo artistiko-musikala ikasi nuen Elgoibarko Institutuan, eta niretzako sekulakoak izan ziren Batxilergoko bi urte haiek. Musika lantzen genuen, instrumentuak joten genituen, antzerkia egin... Batxilergo ikasketak egitea norberari gustatzen zaizkion gauzak landuz izugarria da. Pila bat gozatu nuen Batxilergoko bi urte haietan. Handik Donostiara joan nintzen, antzerki laborategi batera. Urtebete egon nintzen, ikasten, eta aldi berean, umeei irakasten. Antzezlanak sortzeko pausoak ikasi nituen han: gidoiak egiten, dirulaguntzak eskatzen, dossierrak egiten... Madrilgo ikasketetarako oinarria izan zen Donostiakoa. Eta, orain, Madrilen gorputz espresioa lantzen dugu batez ere. Asko esperimentatzen dugu, eta horrek erakusten digu uneoro zertarako gai zaren. Antzerkia autoezagutzarako bide luze bat da, eta antzerkigintza ikastea ez da sekula amaitzen. Beti dago zeozer ikasteko edo sortzeko. Hori dena ari naiz ikasten.

2020 06 18 gorka luna elgoibar 1

 • Nondik datorkizu zaletasun hori?
Ni telebistarekin hazi eta hezi izan naiz. Programa asko eta desberdinak ikusten nituen. Antzerkia ez horrenbeste, baina poliki-poliki hasi nintzen antzerkia ere ezagutzen, eta konturatu nintzen hori zela niri gustatzen zitzaidana. Nire izaera ere horrelakoa da, saltsero hutsa izan naiz beti, eta horrek lagundu dit nire ibilbidea bideratzen.

 • Nola hartu zuten etxekoek artista izateko erabakia?
Primeran! Alde horretatik ez daukat inolako kexarik. Sormena landu nahi nuen; moduren batean, sortzaile izan nahi nuen, eta etxekoek beti babestu naute. Beti esan didate niri hau gustatzen bazait, beraiek ahal duten guztian lagunduko didatela.

 • ‘Ahora Caigo’ lehiaketan ikusi zintugun estreinakoz telebistan. Nola iritsi zinen hara eta nolako esperientzia izan zen?
Zorakeria bat izan zen! Etxean aspertuta nengoen, eta Interneten hasi nintzen telebista programaren baterako casting bila. Betidanik neukan jakinmina, jakin nahi nuen jendea nola iristen zen telebista saio horietara, eta Ahora Caigo lehiaketarako izena eman nuen. Handik hilabete batzuetara deitu zidaten, ordurako ia ahaztuta neukanean. Esan zidaten Bilbon egingo zutela proba bat, eta aurkeztu egin nintzen. Kultura orokorreko galdetegi bat bete behar izan nuen lehenengo, eta gero, bideo bat grabatzeko eskatu zidaten, lehiaketarako nire burua aurkeztuz. Oso natural egin nuela uste dut, ni naizen modukoa izaten saiatu nintzen, eta aukeratu egin ninduten. Esperientzia polita izan zen, oso gustura egon nintzen, eta gainera 10.000 euro irabazi nituen. Hori sekulako oparia izan zen. Arturo Vals ezagutzea ere ondo egon zen. Oso gertukoa eta naturala iruditu zitzaidan.

 • Eta, nola eman zenuen ‘Conquis’ saiorako pausoa?
Reality bat probatzeko gogoa neukan. Banekien saioa oso gogorra dela, baina nik nahi nuena zen nire burua ezagutzea. Baldintza gogor horietan eta jatekorik gabe nola erantzungo nuen probatu nahi nuen. Autoezagutzarako proba bezala planteatu nuen egoera, eta probatu nahi nuen baita ere ezezagunekin elkarbizitzen nola moldatzen nintzen. Casting-era aurkeztu nintzen, eta argi neukan aukeratzen baninduten parte hartuko nuela. Eroso sentitu nintzen proban, lasai egon nintzen. Banekien Conquiserako fisikoki indartsua izatea garrantzitsua dela, baina burua bere lekuan izatea ere garrantzitsua da. Nik uste nuen alde horretatik ondo prestatuta nengoela, baina gero konturatu nintzen agian ez nagoela horren ondo. Egindakoetatik ikasten ari naiz.

 • Nolakoa izan da Conquiseko esperientzia?
Oso ona. Aireportura joan nintzen, nora nindoan jakin gabe. Taldekideekin elkartu nintzen han, elkarrizketa batzuk egin zizkiduten, argazkiak atera eta sobre bat eman ziguten hegaldiko txartelekin. Zabaltzean jakin genuen Dominikar Errepublikara gindoazela. Hotelera eraman gintuzten, eta gau horretan bertan hasi zen abentura. Egun bat bakarrik iraun nuen programan; eta abenturan bertan, ordu batzuk besterik ez. Batzarrera iritsi eta Julianek [Julian Iantzi realityko aurkezleak] esan zigunean egun hartan bertan lehiakideren bat edo gehiago etxera joango zirela, harrituta gelditu ginen denok. Edizio hau desberdina izan da hasieratik, eta oso gogorra. Nik banekien amaierara arte ez nuela iraungo, baina hain azkar kanporatzea ere ez nuen espero. Kolpe gogorra izan zen niretzat.

 • Telebistaz ikusten ditugun bezain gogorrak ala gogorragoak dira probak zuzenean?
Oso gogorrak dira. Telebistaz 10-15 minutuko proba bat ikusten da, baina han orduak izan daitezke. Nekea handia da. Ahaleginean ordu asko egon daiteke partaide bat, eta telebistan eman dezake berehala amore ematen duenaren itxura.

 

2020 06 18 gorka luna elgoibar