Beteranoenen taldean hasi zuen abentura, “gogotsu”, baina txispa eta energia falta izan dituela aitortu du. Nabarmendu du “gorriak” ikusi dituztela Haitises parke naturalean (Dominikar Errepublika), baina, hala ere, berriro deituz gero, itzuliko litzatekeela.
• Gehiago nahiko zenuen, baina...
Aurrerago iritsi ezinaren penatxo hori daukat, bai, baina pozik nago. Lehenengo egunetik kontziente nintzen gertatu zitekeela finalean sartzea, karanbolak-eta izaten direlako, baina garbi ikusi nuen konkistatzaile izateko hautagai konpletoagoak bazeudela.
• Ez da saiatu zaren aurreneko aldia. Beti izan duzu buruan saio hau?
Kirola eta abentura beti gustatu izan zaizkit, eta Conquisera iritsita, amets bat edo ilusio bat gauzatu dut, hein batean. Iaz hartu ninduten saiorako, baina Indiara egindako bidaia baten birus bat harrapatu nuen eta grabatzera joan baino astebete lehenago ospitaleratu egin ninduten. Jota laga ninduen birus hark eta azkeneko momentura arte tentatuta ibili banintzen ere, azkenean ezin izan nintzen joan.
• Bete al dira zure espektatibak?
'101 Gaztelu' saioa intentsitate handiagoarekin bizi izan nuen hau baino. Ez dakit hau gogorragoa delako edo zer, baina gutxiago bizi izan dut. Jende indartsu asko egon da, ni baino askoz hautagai sendoagoak eta protagonismo handiagoa izan dutenak, eta beharbada horregatik, ezkutuago egon naiz. 101 Gazteluk gehiago bete ninduen. Orduan, kanporaketa proba baterako norbait izendatu behar genuenean sekulako drama izaten zen. Orain, gutxiago eragin didate halakoek. Ez dakit tenple handiagoa dudan orain edo eskarmentua den, baina emozioek ez didate hainbeste eragin, ez onerako eta ezta txarrerako ere. Buruan ere hori izan dut beti: ez nuen irabaztean gora etortzerik nahi, ez eta hondoa jotzerik ere galtzean, eta uste dut hori behintzat lortu dudala.
• Gorriak pasatu dituzuela entzun dizuegu. Zer egin zaizu gogorrena?
Bat, moskitoen ziztadak. Julian Iantzik sarri esan du leku paradisiakoetan ibili garela, gozatzeko lekuetan, baina han ez du inork gozatu, ezta berak ere. Paraje ederrak badira, bai, baina moskitoz jositakoak, eta jan egin gaituzte. Uretako motorrean hara-hona eramaten gintuztenean bakarrik baretzen zen apur bat kontua, baina une motzak izan dira. Kanpaleku aberatsean bertan ere gozamen handirik ez da izan. Pertsona batzuei, Joni [Rodriguez] eta Estherri [Perez], esaterako, ez zieten pikatzen, eta haientzat abentura oso ezberdina izan da. Okerren talde berdekoek eraman dute. Sarraskitu egin dituzte moskitoek. Beste faktorea, nire kasuan, energia falta izan da. Urdaila hutsik izan dugu egun askotan, baina gose sentsazioa baino gehiago energia falta sentitu dut. Geldi egon ezin denetakoa naiz, baina taldean askoz aktiboago ikusten nituen beste asko. Patxi [Sanchez], Simon [Dempsey], adibidez, matxeteak hartu eta hara eta hona ikusten nituen, baina niri gorputzak ez zidan erantzuten. Buruak ere esaten zidan hobe nuela geldi egotea lesioak saihestu eta indarrak gordetzeko, baina ez, hori baino gehiago zen. Ez neukan energiarik. Sua egiten ibilitakoa naiz basoan eta beharbada neu nintzen esperientzia handiena zeukana horretan, baina gogoa zutenak eurak ziren. Nik ikusten nuen egoera hartan eta eguzkiak jotzen ez zuen leku umelean, sekulako lana egin behar genuela sua pizteko, eta piztuta ere, ez geneukala gero zer beroturik. Kanpaleku aberatsean ere komeriak izaten genituen suari eusteko. Azkenean, denborak arrazoia eman dit, inork ez duelako lortu sua egiterik, ez orain, eta ezta Conquiseko beste edizioetan ere.
• Eta horrenbesteko miseriekin zerk egiten du hain erakargarri saio hau?
Zailtasunei aurre egiteak. Disfruterako oso momentu gutxi izan ditut nik han. Kanpaleku aberatsean ere eguna pasatzea zen gu denon ametsa, eta uste dut Jennik [Jennifer Serrano] aitortu zuela aurreko batean. Hango esperientzia aberasgarri hori gerora disfrutatzen da gehiago.
• Lotura duten albisteak:
- Amaitu da Jurdan Ezenarroren ibilbidea 'El Conquistador del Caribe' reality saioan (2020-06-09)
- Elgoibarko eta Mendaroko partaide bana ‘El Conquis’ telebista saioan (2020-01-14)
- Andoni Zuluaga mendaroarra da 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko partaideetako bat (2019-01-08)
- Bi orduz azpitik igo zuten Renault 4L autoa Lizarperaino (2016-12-19)
- Jurdan Ezenarro nagusitu da Mendaroko butano-desafioan (2013-01-26)