Iñigo Urkullu lehendakariak goizean sinatu du larrialdi egoeran hartutako neurriak bertan behera lagako dituen dekretua. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak arlo sanitarioko zein osasun publikoko txostenetan oinarrituz hartu du erabaki hori. "Txosten horiek adierazten dute osasun- eta epidemiologia-egoeraren arabera, Euskadin gainditutzat jo daitekeela Deskonfinamendu Planeko III. Fasea", adierazi du Erkorekak.
• "Normaltasun berrian', hainbat neurri
Barikuan igaroko gara errealitate berrira, baina ez normaltasun osora. Hilabete batzuetan, gutxienez, mugak izango ditugu. "Normaltasun berria" izendatu duten aro berria nolakoa izango den ere aurreratu dute Jaurlaritzako agintariek. Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutako agindu batek arautuko du etapa berria. Birusa gure artean dagoen artean, agindu horrek arautuko ditu normaltasun berriko prebentzio, zaintza eta kontrol neurriak. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak Biziberri izeneko planak biltzen dituen neurriak zein diren jakinarazi ditu.
Besteak beste, bihartik aurrera ere maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da gune itxietan eta garraio publikoan —100 eurorainoko isunak ezar ditzakete ez janzteagatik—; pertsonen arteko distantziak metro eta erdikoa izan beharko du; eta leku itxien okupazioa gehienez ere %60koa izango da. Ez hori bakarrik: ostalaritzan eta dendetan ez da gehienezko jende kopururik izango, baina metro eta erdiko distantzia bermatu beharko da, eta haur parkeak zabalduko dira, baina ume bakoitzak bermatua izan beharko du lau metro karratuko gune bat.
Horrela, beste hamaika zehaztapen biltzen ditu planak, eta %60ko muga errespetatu beharko da jarduera gehienetan: jarduera kulturaletan eserita egon beharko da, aurrez zehaztutako eserlekuan; kirol ikuskizunetan, %60ko muga egongo da, eta gehienez mila lagun egon ahalko dira. Diskotekak zabaltzea posible izango da, baina dantzarako pistarik gabe. Igogailu publikoak erabiltzea ere baimenduko dute.
Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, mugak desagertu egingo dira, eta hilaren 21etik aurrera, Ipar Euskal Herrira edo Nafarroara igarotzea baimenduko da. Bestetik, Kantabriara gauerditik aurrera igaro ahalko da.
Nekane Murga osasuneko sailburuak adierazi du, "osasun berme guztiak" daudela hurrengo pausua emateko eta Osasun Sailaren arabera egoera epidemiologiko eta asistentziala "ona" dela. Halere, aitortu du joan-etorriak areagotzeak zaildu egin dezakeela kutsatzeen jarraipena eta kontrola.