Zabaldu dute Mendaron eguneko zentroa

Barren.eus 2020ko eka. 18a, 13:41

Zabaldu dute Mendaron Santakruzkoa eguneko zentroa, baina %70eko gehienezko okupazioarekin. Bederatzi erabiltzaile daude momentuan, baina zentroan hamabi lagun hartu al izango dituzte guztira, neurri berrietara egokituta. Langileei eta erabiltzaileei PCR testak egin dizkiete eta negatibo emango dute guztiek.

 Zentroa zabaldu ahal izateko, kontingentzia plan bat prestatu dute eguneko zentrokoek, segurtasun neurri guztiak bermatzeko. Egunean bitan hartuko diete langileei eta erabiltzaileei tenperatura: lehenengoz furgonetara igo aurretik, eta, bigarrengoz, merienda ostean. Argi infragorri bidezko bi termometro izango dituzte, bat furgonetan erabiltzeko, eta bestea, zentrorako. Garraioarako ere neurri espezifikoak zehaztu dituzte. Gurpildun aulki bakarra egongo da gehienez bidaia bakoitzean, eta lau erabiltzaile gehienez. Maskara erabili beharko dute erabiltzaile denek eta bidaien amaieran eserleku guztiak desinfektatuko dituzte arduradunek. Furgonetan, garbitasuna mantentzeko materiala erabiliko dute: eskularruak, desinfekziorako materiala, maskarak...

2020 06 18 Mendaroko eguneko zentroa jangela
Aisialdiko jarduerak egoera berrira egokituko dituzte. Hasiera batean, komunikazioa, solasaldiak eta narrazioa sustatuko dituzte, baita nork bere esperientziei buruz hitz egitea ere. Lokomozioa landu eta aire zabalaz gozatzeko aukera ere izango dute erabiltzaileek, baina ibilaldiak bakarka egin beharko dituzte. Jantokian pertsona bakarra egongo da lauko mahaietan, eta bi lagun, zortzirentzako mahaietan. Bainugela erabilera bakoitzaren ostean desinfektatuko dute, eta eguna amaitzean, instalazio guztiak gabritu eta desinfektatuko dituzte.