Emakumeen Txokoa herritarrekin batera diseinatzeko prozesua abiatu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2020ko eka. 16a, 13:53

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko ahaleginean, beste urrats bat eman nahi du Elgoibarko Udalak. Emakumeen Txokoa zabalduko dute, lehen liburutegia zegoen lokalean, baina herritarrekin batera diseinatu nahi dute espazio hori zer izango den.

Horretarako, galdetegi bat zabalduko dute, eta aurrez aurreko bilera batera ere gonbidatu dituzte herritarrak, ekainaren 18rako (18:00etan, Kultur Etxean).

Emakumeen Txokoa definitu eta zabaldu nahi du Elgoibarko Udalak. Horretarako, bide-orri bat adostu dute Emakumeen Kontseiluarekin eta herriko beste hainbat talde eta eragiletako emakumeekin, datozen asteetarako. Emakumeen Txokoaren diseinuan herritarrek parte hartzea nahi dute, eta hainbat bide emango dituzte horretarako. COVID-19ak eragindako ezohiko egoeran, baina, herritarren ekarpenak era telematiko edo elektronikoan jasotzeko bideak lehenetsi dituzte. Dena den, aurrez aurreko bilera bat ere egingo dute ekainaren 18an, 18:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi-gelan.  Segurtasun neurri guztiak bermatu ahal izateko, aurrez izena emateko eskatu dute, honako posta elektronikora idatzita, ekainaren 17a baino lehen: berdintasuna@elgoibar.eus. Era elektronikoan parte hartzeko, berriz, ondorengo galdetegia prestatu dute. 

Galdetegian hainbat galdera egiten dituzte: zergatik, zertarako eta zein zerbitzu eskaini beharko liratekeen txokoan, espazioa nola antolatu beharko litzatekeen, eta txokoaren izaera, izena eta irudia, besteak beste. Ekainaren 28ra arteko epea izango da iritzi eta proposamenak egiteko.
 
Emakumeen Txokoak San Frantzisko kaleko 21. zenbakian izango du lekua. Oraintsu arte Gotzon Garate Udal Liburutegia egon den espazioaren erdia egokituko dute, 150 metro koadroko azalera duen espazioa. Erdiguneko espazio zabal balioaniztun bat sortu nahi dute.
 
 2020 06 17 Elgoibarko Emakumeen Txokoa kartela