Konfinamenduaren arintzearen 3. fasera sartzeak ostalaritzako establezimenduak irekitzeko eta barretan kontsumitzeko aukera ekarri zuen. Hala, Elgoibarko Udalak Biltokiko taberna zerbitzuaren kontratuaren etendura indargabetzea erabaki du, eta zerbitzua berrirom martxan jartzeko baimena eman du. Atzo, barikua, ireki zuten, hiru hilabetez itxita egon eta gero. Hala ere, osasun agintariek ezarritako hainbat neurri eta baldintza betetzen direla bermatu beharko dute, hala nola:
- Taberna-Kafetegiko lokalari eta komunei (egunean, gutxienez, sei aldiz) dagozkien higiene eta desinfekzio neurriak aplikatuko zaizkie, eta igogailua, eskailerak eta ataria ere desinfektatuko dira.
- Aulkiak eta mahaiak erabili eta libre gelditzen diren bakoitzean, horiek garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak hartuko dira, eta barran ere bai.
- Debekatuta dago kartetan jokatzea, eta guztiek erabil ditzaketen gauzak erabiltzea, baldin eta horiek garbitzea eta desinfektatzea zaila baldin bada (kartak, egunkariak, dominoa…).
- Zerbitzua eman bitartean, maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiliko dira une oro, eta urruntze soziala beteko da.
- Bezeroek, ahal den heinean, maskara erabil dezatela zaindu eta bermatuko da, eta Osasun Sailak emandako jarraibideak betetzeko ardura izango da, besteak beste, urruntze soziala.
• Espazioa egokituta
Elgoibarko Udalak Biltokiko espazioa egokitu du osasun agintariek ezarritako segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen direla bermatzeko. Beste neurri batzuen artean, beste era batera antolatu dituzte mahaiak, bi metroko urruntze soziala mantentzen dela ziurtatzeko. Era berean, gizarte-aretoa zigilatu dute, bertan dauden mahaiak ez erabiltzeko. Komunera joan ahal izateko pasilo moduko bat laga dute mahaien artean.
*Argazkiak: Elgoibarko Udala.