Ez duela reggaetoia debekatu argitu eta hainbat komunikabidek zabaldutako informazio okerra salatu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2015ko ira. 9a, 11:37

Elgoibarko Udalak ez du reggaetoia galarazi. Hala zabaldu dute hainbat komunikabidek egunotan, eta hala iradoki dute beste zenbaitek titularretan, baina hori gezurra dela nabarmendu dute Ane Beitia alkateak eta Bittori Zabala Berdintasun Saileko zinegotziak. Gai honek hartu duen oihartzuna ikusita, prentsaurrekoa eskaini dute biek batera, eta argibideak eman dituzte. 

San Bartolome jaien atarian Elgoibarko Udalak bat egin zuen Emakundek sustatutako Beldur barik kanpainarekin, jaietan sexu indarkeria saihesteko helburuarekin sortutako kanpainarekin. Genero indarkeriaren biktimen ehuneko handi bat 30 urtez azpiko emakumeak direla jakinda eta eraso gehienak aisialdi guneetan –bereziki jai guneetan– izaten direla kontuan hartuta, gazteei zuzendu zieten kanpaina. Emakundek helburu horrekin sortutako materialaren artean aukeraketa bat egin eta tabernariengana eta gazteengana jo zuen Udalak. Kanpainako kartela eta erasoren bat gertatuz gero biktimari laguntzeko hainbat telefono zenbaki ere utzi zituzten tabernetan eta txosnagunean, eta baita hamabost kantuko playlist bat ere (beherago ikus dezakezue zerrenda), emakumeen burujabetza eta ahalduntzea sustatzen duten mezuak dituzten hamabost kantu proposatuz. “Proposamen bat baino ez zen, kanpaina hau diseinatu dutenek egindako kantuen aukeraketa bat. Horrek ohartarazi nahi genuen kantuetako letren bidez ere mezu asko jasotzen ditugula eta horren gaineko kontzientzia hartzea komeni zaigula”, azaldu du Zabalak. Era berean, Gazteen Eguneko herri bazkarian kanpainako estutxeak ere banatu zituzten, pertsonako bat.

Kontua da informazio horri hartu eta informazio okerra zabaldu dutela hainbat komunikabidek, “Elgoibarko Udalak reggaetoia debekatzeko kanpaina jarri duela abian”, alegia. Hori gezurra dela nabarmendu dute Ane Beitia alkateak eta Bittori Zabala Berdintasun Saileko zinegotziak. Elgoibarko Udalak ez duela reggaetoia galarazteko inongo kanpainarik abian jarri argitu dute Elgoibarko udaletxean eskaini duten prentsa aurreko agerraldian. Hainbat komunikabidek okerreko informazioa zabaldu izana salatu dute Beitiak eta Zabalak. 

2015 09 08 reggaetoia lasextakoak

 PLAYLIST-A

Gorputzak-estereotipoak

1- Krudas Cubensi: ‘Mi cuerpo es mío’

Autodefentsa

2- Pottors ta klito: ‘Autodefentsa feminista’

3- Kashbad: ‘Ni izateko’

Eskubideak

4- Perra vieja: ‘Aborto’

Tratu txarrak

5- Ole ole: ‘No controles’

6- Anai arrebak: ‘Oihu’

7- Gose: ‘Ezetz’

Sexu askatasuna

8- La tía Carmen: ‘Soy una butch’

9- Jauko barik: ‘Zer axola’

10- Gloria Trevi: ‘Todos me miran’

11- Raphael: ‘Digan lo que digan’

Sororitatea. Feminismoa

12- Mujeres artistas del hip hop: ‘Unidas’

13- Furia: ‘No hay clemencia’

14- Maixa eta Itziar: ‘Emakunde jaio nintzen’

Azken kanta

15- Rozalla: ‘Everybody’s free’