Hirugarren faserako irizpideen zerrenda gaurkotu du Ertzaintzak

Barren.eus 2020ko eka. 8a, 11:26

Konfinamendua arintzeko hirugarren fasera igaro gara gaur, eta kontuan izan beharreko irizpideen zerrenda gaurkotu du Ertzaintzak.

Bi berritasun nagusi ekarri ditu gaur gauzatu den fase aldaketak. Batetik, Eusko Jaurlaritzak COVID-19 izurritearen kudeaketaren ardura osoa hartu du; eta, bestetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak herrialde batetik bestera ibili ahal dira, inolako mugarik gabe. 

Jaurlaritzako sailburu Nekane Murgak eta Arantxa Tapiak larunbatean eman zituzten fase berrira egokitzeko erabakien inguruko xehetasunak, eta Ertzaintzak irizpideen zerrenda gaurkotu du gaur.

Mugikortasuna eta joan-etorriak
1. Mugikortasuna

  • Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeen eta kokaguneen (Villaverde eta Trebiño) arteko edozein jardueratarako mugikortasun mugagabea.
  • EAEtik kanpo, Estatuko probintzietan, edozein fasetan daudela ere, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako arrazoi justifikatuengatik egin ahal izango dira joan-etorriak: osasun-, lan-, profesional- edo enpresa-arrazoiak, familiaren bizilekura itzultzeko arrazoiak, adinekoak, mendekoak edo desgaitasuna duten pertsonak laguntzea edo zaintzea, ezinbesteko arrazoiak edo premia-egoera edo antzeko beste edozein arrazoi. Nolanahi ere, lekualdaketetan osasun-agintariek emandako jarraibideak eta gomendioak errespetatu beharko dira.
  • 70 urtetik gorakoek eta arrisku talderen batekoek lehentasuna izango dute erabilera publikoko guneetan, 10:00etatik 12:00etara bitarteko ordutegietan eta 19:00etatik 20:00etara bitartekoetan ere.

2. Erabilera publikoko espazioetan maskarak erabiltzeko derrigortasuna

  • Sei urtetik gorako pertsonek derrigorrean erabili behar dituzte sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak, batez ere higienikoak eta kirurgikoak.
  • Babes-pantailak ez dituzte maskaratzat hartuko
  • Maskara nahitaez erabili beharko da bide publikoan, aire zabaleko guneetan eta erabilera publikoko edozein espazio itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein espaziotan, pertsonen arteko segurtasun-tartea gutxienez bi metrokoa izan ezin daitekeenean.
  • Ez zaie eskatzen, arnasketa zailtasunen bat duten pertsonei, osasun-arrazoi justifikatuengatik maskara erabiltzea kontraindikatuta daukatenei, ez-eta desgaitasun-egoeragatik edo mendekotasun-egoeragatik kontraindikatuta daukatenei ere, edo maskararen erabilerarekin kontraesanekoak diren portaerak izan ditzazketen pertsonei; eta ez da maskara erabiltzea eskatuko bateraezinak diren jarduerak egiterakoan ere (adibidez, elikagaiak eta edariak hartzea, korrika egitea eta txirrindularitza egitea, etab.); ez-eta ezinbesteko arrazoiengatik edo premia-egoeragatik, maskara erabiltzea ezinezkoa denean ere.

Garraioa eta ibilgailuen erabilera 

1. Garraioa

  • Bidaiarien lurreko garraioan, trenez edo errepidez egiten denean, eta garraio hori erabat EAEren lurralde-eremuan egiten denean, maiztasunak eta edukierak % 100ean berreskuratu ahal izango dira, eta nahitaezkoa izango da ibilbide osoan maskara erabiltzea, pertsonek beren artean gutxienez 2 metroko distantzia fisikoa mantentzen saiatuz.
  • Motozikletak, ziklomotorrak eta L kategoriako ibilgailuak: bi bidaiari doazenean, derrigorrezkoa izango da maskara edo kasko integrala erabiltzea, bidaiariak etxe berean bizi ez direnean; gainera, eskularruak eraman beharko dituzte. Motozikletetan, babes-eskularruak onartzen dira.

Merkataritza, hezkuntza, gizarte edo antzeko jarduerak
1. Merkataritza- eta gizarte- jarduerak

  • Familia- eta gizarte-bilerak: 20 pertsona gehienez. Etxebizitzetan, lokal pribatuetan edo espazio irekietan. Pertsonen arteko gutxieneko distantzia 2 metrokoa izango da.
  • Saltokiak eta merkataritza-guneak: % 60ko edukiera, eremu komunak eta jolas-espazioak barne.
  • Merkatuak, nekazaritza-azokak eta azoka txikiak: % 60ko gehieneko edukiera. Udalek salmenta-postuen arteko aldeak eta merkatu-eremua mugatzeko baldintzak ezarri beharko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko.
  • Tabernak, jatetxeak, elkarte gastronomikoak eta txokoak: edukiera-muga gainditu gabe, 2 metroko distantzia gordez barruko eta terrazetako mahaien artean. Barrako zerbitzua baimentzen da, gutxienez 2 metroko tartea utziz bezeroen edo bezero-taldeen artean.
  • Hotelak, ostatu turistikoak eta kanpinak: % 60ko edukiera, eremu komunetan babes-arauak eta pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatuz.
  • Kasinoak, joko-establezimenduak, jolas-aretoak eta apustu-lokalak: % 50eko edukiera mugatua, makinen artean 2 metroko tartea utzita.
  • Gaueko aisialdiko diskotekak eta tabernak. Ezin dira ireki.
  • Hileta-beilatokiak, zeremonia zibilak eta erlijiosoak: 50 pertsona aire zabalean eta 25 pertsona espazio itxietan.
  • Kultu-lekuak: edukieraren % 75a.
  • Ezkontza-zeremoniak: edukieraren % 75a gehienez (espazio irekietan edo itxietan). Gehienez 150 pertsona aire zabalean edo 75 espazio itxietan.
  • Kongresuak, topaketak, negozio-bilerak, hitzaldiak eta ekitaldiak: 80 parte-hartzaile gehienez.
  • Hautaketa-, prestakuntza- edo hezkuntza-prozesuekin lotutako azterketak eta probak egiteko feria-esparruak: espazio diafanoetan eremu edo areto bakoitzerako, gehienez ere, % 60ko edukiera, pertsonen arteko babes-arauak eta gutxienez 2 metroko distantzia fisikoa errespetatuz.

2. Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak

  • 0 eta 3 urte bitarteko haurtzaindegiak eta haur-eskolak: edukieraren % 60ko muga.
  • Haur eta gazteentzako eguneko aisialdi-jarduerak: edukieraren % 60a eta, gehienez, 80 pertsona barruko espazioetan, eta % 60 edukiera eta 200 pertsona gehienez espazio irekietan (begiraleak barne). Gehienez 15 laguneko talde-jarduerak, begiraleak barne.

Aisialdia, kirola eta kultur jarduerak 

  1. Hondartzak: aisialdirako bainuak onartzen dira. Eguzkia modu estatikoan hartzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak eta irizpideak hartuko dira kontuan, baita udalerri bakoitzak ezarritako araudia ere. Udalerri horien ardura hondartzaren edo hareatzaren antolamendua izango da.
    Objektu pertsonalak, eskuoihalak, etzaulkiak eta antzeko elementuak beste erabiltzaile batzuekiko bi metroko segurtasun-perimetroa bermatzeko moduan kokatuko dira, elkarrekin bizi diren bainularien kasuan izan ezik.
    Udalek mugak ezarri ahal izango dituzte hondartzetarako sarbideari, edukierari, aparkalekuari eta bestelako erabilera-murrizketei dagokienez.
  2. Berdeguneetan kokatutako aisialdi- eta atseden-eremuak, erretegiak, parrillak eta mahaiak dituztenak: Administrazio eskudunak horrelako instalazioetara sartzeko mugak, edukiera eta bestelako erabilera-murrizketak ezarriko ditu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioekin eta irizpideekin bat etorriz.
  3. Liburutegiak: mailegatzeko, irakurtzeko eta ikasteko, edukieraren % 60 errespetatuz.
  4. Museoak eta erakusketa-aretoak: edukieraren % 60.
  5. Zinemak, antzokiak, auditorioak, karpa-zirkuak eta kultura-ekitaldi eta ikuskizunetarako establezimenduak: aurrez esleitutako besaulkia eta % 60ko edukiera.
  6. Kultura-jarduerak leku itxietan: edukiera % 60koa izango da, gehienez 80 pertsonakoa, aurrez esleitutako besaulkiarekin.
  7. Aire zabaleko ekitaldiak eta ikuskizunak: % 60ko edukiera, gehienez 1.000 pertsonarentzat, aurrez esleitutako eserlekua eta 2 metroko distantzia.
  8. Turismo aktiboa eta natura eta jarduera fisikoa: gehienez 30 pertsona, eta pertsonen arteko 2 metroko distantzia fisikoa errespetatuz.
  9. Kirol-instalazioak, igerilekuak barne: % 60ko edukiera. Aldagelak eta dutxak erabil daitezke.
  10. Taldean entrenamenduak egiteko aukera ematen da, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako kirol-modalitateetan, diziplina desberdinetan.