Hirugarren fasean sartu da gaur Hego Euskal Herria eta fase berrian sartzearekin batera, kultur-jarduerak egiteko eta kirolerako eta aisialdirako espazioak erabiltzeko baldintzak zehaztu ditu gaur Mendaroko Udalak. Goñati frontoia gaur goizean zabaldu dute herriko gazteek, Udalaren onespena jaso ondoren.
Udaletik zehaztu dute baldintza bakarra jarri dutela frontoia erabiltzeko: 14 urtez azpikoek heldu batekin joan beharko dutela frontoira. Horrez gain, bi metroko tartea gorde beharko dute erabiltzaileek euren artean. Padel pista, berriz, zabalik dago joan zen asteaz geroztik. Ekainean, baina, honako baldintza hauek bete beharko dituzte erabiltzaileek. Padel pistara ere, 14 urtez beherakoek ezingo dute bakarrik joan. Heldu batek egon beharko du eurekin barruan. Sartu aurretik, berriz, gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dituzte eskuak, eta pista barruan, bi metroko tartea gordetzen dutela bermatu beharko dute. Aholku bat ere eman dute: lurrera erortzen diren pilotak raketarekin jasotzeko eta ostikoz pasatzeko batak besteari.
Azpilgoetako Kultur Etxea ere erabili ahal izango da gaurtik aurrera, baina ez lehen bezala. Goiko aretoan gehienez hamasei lagun sartu ahal izango dira, eta beheko aretoan, 12. Aretora sartu aurretik eskuak gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dira eta barruan bi metroko tarteak gordetzen direla zaindu beharko da. Erabili ostean aretoak garbitu eta desinfektatuko dituzte. San Agustin kulturgunean egingo diren ekintzetan, berriz, gehienez, 80 ikusle hartuko dituzte, eta 14 urtez azpikoak ezingo dira bakarrik sartu. Heldu batek lagundu beharko die, eta sartu aurretik, eskuak garbitu beharko dituzte guztiek. Barruan, eserlekutik eserlekura tartea gorde beharko da, bi metroko distantzia gordetzen dela ziurtatzeko.
Era berean, liburutegia ere zabalik dago ekainaren 1az geroztik, baina soilik mailegu zerbitzurako: hau da etxera eramandako liburuak itzultzeko eta berriak hartzeko bakarrik. Liburutegira joateko, baina, ordua eskatu behar da aurrez, 943 033 291 telefono zenbakira deituta. Liburuak liburuzainak bakarrik ukituko ditu, eta liburutegira sartzeko, maskara jantzi beharko da derrigor. 14 urtez beherakoak eta mendekoak direnak beste pertsona batez lagunduta joan beharko dira liburutegira, eta doazen guztiek eskuak garbitu beharko dituzte sarreran. Behin barruan, liburuzainaren aginduak bete beharko dira, orain inoiz baino gehiago.