COVID-19 gaixotasunaren pandemiak sortu duen egungo osasun larrialdi egoerak eta deklaratu den alarma egoerak ondorio larriak sortzen ari dira, pertsona askoren bizi baldintzak nabarmen okertu direlako, eta horrek, aldi berean, larrialdi ekonomikoko egoerak areagotzen dituelako.
Zentzu honetan, Elgoibarko Udalak hainbat programa abiarazi ditu, premiazko eta berehalako arreta emateko, eta hartara, gaur egun bizi dugun alarma egoeran, oinarrizko premiak bermatzeko ahalegina egiteko, hala nola, elikadura eta higienea, eta bereziki, haurrena.
Hala, udalerriko pertsona zaurgarrienen eta behartsuenen ongizatea sustatzen jarraitzeko helburuarekin, eta aurrez ere egiten duten elkarlanean oinarrituta, Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Gurutze Gorriak akordio bat sinatu dute. Akordio hori Udal Gizarte Zerbitzuetatik egiten den lanaren osagarria izango da, eta horren arabera, Gobernuz Kanpoko Erakundeak 8.000 euro jasoko ditu, udalerrian egiten duen gizarte-lana indartu eta aipatutako premiei erantzuteko programak abian jar ditzan.
•Udalak diruz lagunduko dituen ekintzak edo jarduerak
- Elikagaientzako eta nork bere burua nahiz etxea garbitzeko produktuentzako bonuak, herriko saltokiekin egindako hitzarmenaren bidez, zaurgarritasun edota ahulezia egoeran dauden pertsonentzat.
- Premia espezifiko zehatzentzako bonuak (eskolako materiala, adingabeentzako arropa…), baldin eta beste bide batzuetatik diruz laguntzen edota hornitzen ez badira.
- Zuzeneko diru zuzkidura arestian adierazitako produktuak erosteko, Gizarte Zerbitzuek edo Tokiko Gurutze Gorriak egindako balorazioaren arabera, egokitzat jotzen diren pertsonentzat.
- Udaleko Gizarte Zerbitzuek edo Tokiko Gurutze Gorriak antzeman ditzaketen bestelako premiak. Berariaz, sendagaien hornidura bide honetatik kanpo geldituko da, horretarako beste bide batzuk erabiltzeko aukera baitago.
- “Etxeko ekonomiari buruzko tailerrak” (aurrez aurrekoak edo streaming bidezkoak), bai familia zaurgarrienentzat, bai herritar guztientzat.
- “Eskola arrakasta”ri buruzko programa edo antzekoak.
- Elkartearen jardueraren ondorioz sortzen diren gastu arruntak.
- Elkartearen ezohiko gastuak, pandemiak sortutako beharrei aurre egiteko direnak.