Danobatgroup-ek 80.000 euro bideratu ditu koronabirusaren eraginei aurre egiteko programa solidarioetara

Barren.eus 2020ko eka. 3a, 09:11

Danobatgroup makina-erremintaren fabrikatzaileak 80.000 euroko diru-laguntza bideratu du programa solidarioetara, Covid19 gaitzak eragindako krisiaren eragina arintzeko. Besteak beste, Elgoibarko ikasleen prestakuntza telematikoa errazteko ordenagailuak hornitzen ere lagundu du.

Danobatgroupek jakinarazib duenez, elkartasuna, gizarte-ongizatea eta ingurune hurbilaren kohesioa sustatu nahi ditu osasun-larrialdiko egungo testuinguruan. Asmo horretan, diruz lagundu dituen ekimenetako batzuk zein izan diren zehaztu ditu makina-erremintaren fabrikatzaileak: ordenagailuen banaketa eta Interneterako konexioak instalatzea, konfinamenduan online prestakuntza errazteko eta eten digitala saihesteko, anbulantzietarako desinfekzio-sistemak, familia ahulenentzako elikagaien banaketa edo adinekoentzako telefono bidezko laguntza-zerbitzuak.

 • Gurutze Gorria, Caritas eta Elikagaien Bankuarekin lankidetza
Pandemiak kolektibo ahulenengan izandako eragin negatiboa murrizteko, industria-taldeak Gurutze Gorriarekin, Caritasekin eta Elikagaien Bankuarekin lankidetzan dihardu. Lankidetza horien esparruan, taldeak Gurutze Gorriaren anbulantziak desinfektatzeko makina bat finantzatu du Azkoitian. Erakunde horrekin berarekin lankidetzan, Danobatgroupek Elgoibarko ikasleen prestakuntza telematikoa errazteko ordenagailuak hornitzen lagundu du, online eskolak behar bezala jarraitu ahal izateko. Bergarako eskolei ere ordenagailu eramangarriak eman dizkie, eta ikasturte amaierara arte 33 ikasle Internetera konektatzeko aukera eman die, eten digitala saihesteko.
Era berean, Caritasekin eta Elikagaien Bankuarekin ere koordinatu da, apirilean zein maiatzean, Elgoibar, Azkoitia, Bergara, Soraluze, Lekeitio, Andoain eta Deba-Itziarreko 500 bat familiari lagunduz. Maiatzean, esaterako, 35.400 euro bideratu zituzten proiektu honetara.

 • Nagusilanekin elkarlana

Nagusilanekin ere elkarlanean aritu da Danobatgroup eta horri esker, adineko pertsonentzako boluntariotzako erakundeak doako telefono bidezko arreta eman die pandemia eta konfinamendua dela-eta bakardade handiagoan zeuden adineko pertsonei.

 • Diru-laguntzak aurreratzea

Aurrez aipaturiko laguntza bereziez gainera, Danobatgroupek nazioarteko erakundeei (UNICEF, ACNUR eta Mugarik Gabeko Medikuak) urtero ematen dizkien diru-laguntzak aurreratzea erabaki du, erakunde horiek bizi dugun ezohiko testuinguru honetan proiektuak eta ekimenak aktibatu ahal izan ditzaten.
Urte hasieran abian jarritako ekimenak ere gogora ekarri dituzte, Txinako gobernuz kanpoko erakunde bati maskarak ematea, esate baterako. "Asiako herrialdean Covid-19 izurritea arintzen laguntzeko eta babes-gailu horietako beste 6.000 unitate hirugarren adineko 10 egoitzatan banatzeko Danobatgroupeko ingurune hurbileko udalerrietan".