Jaurlaritzak 3. fasera igarotzea eskatu dio Espainiako Gobernuari

Barren.eus 2020ko eka. 2a, 20:03

Astelehenetik aurrera hirugarren fasera pasatzeko proposamena bidali dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, bien artean neurriak adosteko. Hirugarren fase horren zenbait ezaugarri aurreratu ditu Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak.

Espainiar Estatuak lurralde guztietarako ezarriko dituen behin betiko baldintzak oraindik ezagutzen ez diren arren, Eusko Jaurlaritzak, sail bakoitzak egindako plangintza xehatuaren arabera, proposamen bat helarazi dio Espainiako Gobernuari.

Tapia sailburuaren ustez, "Euskadik baldintza guztiak betetzen ditu", bai asistentziaren aldetik, bai epidemiologiaren aldetik, eta, horregatik, fasez pasatzea eskatu du Jaurlaritzak.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, Nekane Murga osasun sailburuak pandemiaren bilakaera "bide onetik" doala adierazi du, eta kasu berriek beherantz egiten duten heinean, Zaintza eta Kontrol Planari esker kasu horien kudeaketa ahalbidetzen dela: "Hautemandako kasu berriei dagokienez, beherakada etengabea izan da: maiatzaren hasieratik hilaren amaierara arte %80 baino gehiago jaitsi dira".
 • Hirugarren fasearen ezaugarriak:

Honako hauek dira Eusko Jaurlaritzak deseskaladaren 3. fasean sartzeko Espainiako Gobernuari proposatutako eta oraindik berresteko dauden neurriak:
1. Mugikortasuna eta ordu-tarteak

  • Mugikortasun mugagabea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean.
  • Autonomia erkidego ezberdinetako lurralde eta probintzia mugakideen arteko mugikortasuna, baldin eta fase berean badaude. Dena den, Espainiako Gobernuak erabaki du herritarrak ezingo direla beste erkidego batera joan, 3 fasean.
  • Jarduera fisikoa garatzeko adinekoentzako eta ahulentzako lehentasunezko tarteari eustea.
  • Mugikortasuna euroeskualdean (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa).

2. Garraioa

  • Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garraioak %100ean arituko dira, bidaiari kopuruan zein maiztasunean. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, eta ausazko tenperatura kontrolak geltoki itxietan.

3. Ostalaritza, Turismoa, elkarteak eta merkataritza

  • Saltoki, denda eta merkataritza-guneetako edukiera % 60ra handitzea, eremu komunak eta jolas-espazioak barne.
  • Tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak: edukiera-mugarik gabe, 2 metroko distantziarekin barruko eta terrazetako mahaien artean.
  • Barrako zerbitzua baimentzen da, gutxienez 2 metroko tartea utzita bezeroen edo bezero-taldeen artean.
  • Hotel eta ostatu turistikoak: % 50eko edukiera eremu komunetan.
  • Natura turismoa eta mendi-ibiliak, gehienez 30 pertsonako taldeentzat.

2020 06 01 terrazak maala elgoibar

4. Kultura-jarduerak, kirola eta aisialdia

  • Liburutegiak: % 50eko edukiera, maileguak egiteko eta irakurtzeko.
  • Zinema, antzoki, hitzaldi-areto eta entzunaretoak: % 50eko edukiera, eserlekuak aurretik hartuta.
  • Hitzaldiak eta jardunaldiak leku itxietan: % 50eko edukiera, gehienez 80 pertsona.
  • Gune irekietako ekitaldiak eta ikuskizunak: % 50eko edukiera, gehienez ere 1.000 lagun, eserita eta 2 metroko distantziarekin.
  • Goi-mailako arrauna eta pilota: entrenamenduen hasiera.

5. Udalekuak

  • Haur eta gazteei zuzendutako eguneko aisialdiko jarduerak: % 50eko edukiera eta gehienez 80 lagun barneko espazioetan eta % 50eko edukiera eta gehienez 200 pertsona espazio irekietan (monitoreak barne).
  • Jarduerak gehienez 12 pertsonako taldeetan antolatuko dira, begiraleak barne.