Azkoitiko Udalak ezetza eman dio azkenean Larke 360 enpresak Azkaraten egin nahi zuen hondakin plantaren proiektuari

Barren.eus 2020ko eka. 2a, 14:00

Larke 360 enpresak Azkarate gainean (Azkoitia) egin nahi zuen hondakin plantaren proiektuak hautsak harrotu ditu azkeneko urte erdian Urola bailaran eta haren oihartzuna iritsi da gurera ere.

Adierazpen-truke ugariren ondoren eta herrian sortutako zalaparta ikusita, azkenean ezetza eman zion ostiralean Azkoitiko Udalak (EAJ) proiektuari, Udalak berak antolatuta hamahiru alderdi eta eragiletako ordezkarik izan zuten mahai-inguru luzearen ostean. Saioa hasterako, Javier Zubizarreta alkateak nabarmendu zuen Azkoitiko Udalaren asmoa obra hondakinen arazoari irtenbidea ematea izan dela hasieratik eta eurek sekula ez dutela zabortegi bat eraiki nahi izan. Aurrerago esana zuen moduan, argi laga zuen desadostasunak baziren, Udalak ez zuela proiektua bultzatuko. Eta adostasunik ez zenez izan, saioaren bukaeran alkateak hitza eman zuen ez zuela proiektua babestuko. Hiru arrazoi eman zituen ezetzaren berri emateko Maxixatzera bidalitako gutunean: “Azkoitiko EAJk ezezkoa ematen dio Azkarateko plantari, eraikuntza eta eraispen hondakinen planta baino gehiago delako (aurreikusitako urteko gehienezko 183.000 tonatik 20.000 tona ez dira eraikuntza eta eraispen hondakinak), bailarako premietatik askoz harago doalako eta ez dugulako herriaren zatiketa areagotu nahi”.

Azkoitiko Udalak ekainaren 4rako deitu duen Lurralde Batzordean hasiko ditu Hirigintza Arauetan EEH Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen plantak atzera botatzeko egin beharreko aldaketak. Behin aldaketa hori hasita, ezingo da EEH plantentzat aurreikusitako bi eremuetan -Azkarate eta Ipintza- horrelako gunerik eraiki. Hala ere, Udalak argi laga du atzera egiteak ez duela esan nahi eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko arazorik ez dagoenik [behar hori agertu dute gremioek ere], eta horregatik, bailarako beharren inguruko azterketa egiteko eskatu dio Mankomunitateari.

 • Eztabaida luzea
Apirilaren 7an EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ingurumen baimenak -Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 11ko baimena- jasotzen zuenez balorazio planta bat zen egin nahi zutena. Jaurlaritzaren agiri horretan jasotakoaren arabera, guztira, 36.898 metro koadroko azalera hartu behar zuen, eta instalazioak bi fasetan eraiki nahi zituzten. Lehenengo fase batean 11.696 metro koadro izan behar zituen azpiegiturak [sarbideko errepidea, bulegoak, baskula eta komun kimikoa], eta bigarrengorako, beste 21.517 metro koadro. Proiektuaren ezaugarrietan azpiegitura horrek hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gunea izango zuela ere jasotzen zen, tartean isolamendurako hainbat gai, hala nola amiantoa, zinka, eztainua eta beruna, eta horrek, Udalaren jokaerak eta planta hori enpresa pribatu batek kudeatuko lukeela jakiteak haserrea sortu zuen auzotarrengan. Oñeder zabortegiak eragindako ingurumen kalteak eta Zaldibarko zabortegian gertatutako luperia handia ez zituzten ahazteko, gainera. Alkateak, Javier Zubizarretak, hasieratik defendatu zuen Azkaraten egin asmo zutena ez zela zabortegi bat, baina gezurretan aritzea egozten zioten auzotarrek. Azkarate Garbi plataformak behin eta berriz gogoratu du Udalak proiektua “nahita ere” ezingo zuela gelditu esan zuela, baina gero jakin zela lur horiek ez zirela urbanizagarriak, eta horrenbestez, arau subsidarioetan aldaketa bat egin behar zela aurrera egiteko: hau da, alkateak zuela proiektua aurrera eramateko edo eteteko eskumena. Horri beste gertakari bat eransten zioten auzotarrek. Auzotarren arabera, otsailaren 14an Udalak ingurumen adierazpen estrategikoa eskatu zion Jaurlaritzari. Haren bidez, arau subsidarioak aldatu eta Azkarateko eremua urbanizagarri egin nah zuten. Martxoaren 14an, baina, derrigorrezkoak ez ziren prozedura administratiboak etenda gelditu ziren, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuelako koronabirusagatik. Hala ere, Azkoitiko Udalak izapidea ez eteteko eskatu zion Jaurlaritzari martxoaren 26an, espedientea “interes orokorrekoa” zela argudiatuta. Eta apirilaren 22an, ingurumen adierazpen estrategikoa argitaratu zuen Jaurlaritzak. Arau subsidarioak aldatzea Azkoitiko udalbatzak onartu behar zuen beraz, eta horregatik, besteak beste, elkarretaratzeak eta lapiko jotzeak egin dituzte Azkoitin.

Azkarateko gunearen inguruan Elkargunean egindako bilera osorik ikus dezakezue ondorengo bideoan:

 ∞Lotura duten albisteak: