Gizon eta emakumeen berdintasunerako bigarren plana garatzen ari da Mendaroko Udala

Barren.eus 2020ko eka. 1a, 09:38

Mendaroko Udalak aurreratu duenez, gizarte eragile ezberdinekin egingo du lan Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II Plana sortzeko.

Helburu nagusia emakume eta gizonen artean berdintasun erreala lortzea dela esan du Udalak, "bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan". Urte amaierarako bukatuta egotea aurreikusten dute. Daiteke Gizarte Aholkuraitza enpresaren bitartez ari da garatzen plana Udala.

Parte hartzean oinarritutako proiektua dela nabarmendu dute eta lau ezaugarri nagusi izango ditu. Ikuspegi feminista izango du ardatz, emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasun eta diskriminazioak nola eta zergatik gertatzen diren azaltzen saiatu eta ulertzeko. Gainera, plana zeharkakoa eta intersekzionala izatea da asmoa. Lehentasuna emango diote herritarren osasunari, denentzako bizitza jasangarria aldarrikatuz, “egungo egoerak argi utzi baitu bizitza krisian dagoela eta guztion artean zaindu behar dugula”, azpimarratu du Udalak. Plan errealista bat egitea da asmoa, erronka handiak azaleratzen dituzten helburuak ezarri diren arren.

Mendaroko Berdintasun Plana egiterako orduan, oinarritzat hartu da EAEko emakume eta gizonen VII. Berdintasun Plana. Egitasmo horrek lau esku-hartze eremu ditu: alde batetik “Gobernu Ona”-ren arloa, erakunde-aldaketetarako edo administrazio publikoetan barne funtzionamendurako erronkak kudeatzeari begira, eta, bestalde, herritarren esku-hartzerako hiru ardatz nagusi: izaera sozialeko erronkak gehienak.

 • Plana garatzeko lehen pausoak
Plana oraindik garatzen ari diren arren, dagoeneko eman dituzte lehen pausoak. Mendaroko egoeraren argazki orokor bat lortzeko herriko emakumee eta gizonen egoeraren "azterketa zabala" egiten dihardute. Momentuz, Udal teknikari eta langileekin egin dute lan, eta errealitatearen diagnostikoa osatzeko informazioa ere bildu dute iturri desberdinetatik. Berdintasuna zeharka landu beharreko arlo bat denez, “herritarren eta elkarteen parte hartzea” ere bilatuko dela adierazi dute. Iritzi eta pertzepzio ezberdinak jasotzeko asmoz, “herritarrei zuzendutako online bidezko galdetegi bat jarri da martxan.”

 • Etorkizunari begira
Herri eta udal mailan “berdintasunean aurrera pausuak emateko gogoa” badagoela nabaritu du Udalak. Proiektua oraindik amaitu ez den arren, uda baino lehen aurreikusita dago udal teknikari eta langileekin egiten ari diren elkarlana bukatzea. Gainera, honen baitan formakuntza saio batzuk antolatuko dituzte. Uda ondoren ere lanketak egingo dira herritar eta elkarte ezberdinekin eta horretarako aurrez aurreko eztabaida talde irekiak antolatuko dituzte. Ondoren, informazio zehatzagoa lortzeko, elkarte ezberdinak elkarrizketatzea pentsatu dute, alarma egoeragatik ezinezkoa izan delako dagoeneko horri ekitea. Hala ere, “berdintasunaren ikuspegiak zeharkakoa izan behar duenez, gai honekin interesa duen edozein elkarterekin egingo dugu lan. Zenbat eta pertsona, gai, adin edo jatorri anitzagoak izan hobeto”, azpimarratu du Daiteke Gizarte Aholkularitzak.

 • Metodologia
Metodologia mistoa erabiliko dute plana osatzeko: teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Bost informazio iturri erabili dituzte orain arte: estatistika datuak (Eustat, Lanbide, Gipuzkoako Foru Aldundia, Emakunde…), eztabaida taldeen ekarpenak eta gogoetak, herritarrei eginiko inkestaren emaitzak eta elkarrizketa pertsonalak eragile zehatz eta Udal teknikariekin.