Azkarate Garbi plataformak deituta elkarretaratzea egingo dute eguen arratsaldean Azkoitian

Barren.eus 2020ko mai. 27a, 16:05

Azkarateko hondakin guneaz eztabaidatzeko bilkura egingo du, eguen honetan, maiatzaren 28an, Azkoitiko Udalak. Bilera bukaera ingururako elkarretaratzea antolatu du Azkarate Garbi plataformak. Elgoibarko kideak ere badaude plataforman eta kaltetuei babesa ematera joateko dei egin dute.

Elkargunearen atarian jarri dute hitzordua, 20:00etan.

Hilabeteak dira azkoitiarrak Azkaraten egin nahi duten hondakinen gunearen aurkako lapiko-jotzeekin hasi zirela, baina Azkoitiko udalak gaiaren inguruko parte-hartze prozesua hasiko duela eta, eguen honetan egitekoak ziren protesta egitasmoa bertan behera uztea erabaki du Azkarate Garbi plataformak. Lapiko-jotze deialdiak "behin behinean" etengo dituzten arren, elkarretaratzea deitu dute.
Hain zuzen ere, Elkargunean bertan izango da bihar Azkarateko hondakin guneaz eztabaidatzeko Azkoitiko Udalak antolatu duen mahai-ingurua, eta "Azkarate garbi baten aldeko jarrera sendo" azaltzeko egingo dute kontzentrazioa. Herritarrei protesta ekitaldian parte hartzeko deia egin diete plataformako ordezkariek. Elgoibarren ere badirela kaltetuak jakinarazi dute plataformako kideek eta horiei ere dei egin diete protestara batzeko.
Azkarate Garbi plataformako kideen ustez, lapiko-jotzeak "garrantzitsuak" izan dira bai gaia jendartera zabaltzeko, bai alkatea elkarrizketara ekartzeko. "Herritarren lorpena izan da, zalantzarik gabe, udalari lehen pausoa emanaraztea". Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, udalak parte-hartze prozesua zabalduta, "pauso bat" ematea erabaki dute, eta beraz, lapiko-jotzeak bertan behera utziko dituzte "momentuz eta behin-behinean".
Dena den, parte-hartze prozesuak zer bide hartuko duen ikusteko zain daude: "Jabetzen gara arazoa bideratzen hasi bakarrik egin dela, ez dagoela ezer konpoduta. Beraz, elkarrizketa desbideratuko balitz edo beraienarekin ateratzeko iruzurra besterik ez dela ikusiko bagenu, ekimen berriak eta are indartsuagoak proposatu beharrean izango gara". (*Iturria: maxixatzen.eus)

∞Lotura duten albisteak: