Etxeetan eta espazio publikoan biltzeko aukera izango da astelehenean hasiko den bigarren fasean

Barren.eus 2020ko mai. 23a, 15:30

Konfinamenduaren arinaldiaren bigarren fasean, astelehenetik aurrera, jarraitu beharreko arauak jakinarazi ditu Jaurlaritzak. Besteak beste, hamabost pertsona biltzeko aukera izango da, eta ariketa fisikoa egiteko orain arteko ordutegi mugak ere bertan behera geratuko dira, baita umeentzakoak ere.

Konfinamenduaren arinaldiaren bigarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria astelehenean, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarraitu beharreko arauak jakinarazi dituzte Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Hona hemen astelehenetik aurrera jarraitu beharreko neurriak:

 • Ordutegi mugarik ez
Mugikortasun eta ordutegien mugak desagertuko dira hein handi batean. Ariketa fisikoa egiteko orain arteko ordutegiak kenduko dira, baina eguneko ordu batzuk 70 urtetik gorakoentzako eta pertsona "zaurgarrientzako" mantenduko dira: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Gainerakoan, mugikortasunerako dauden ordu tarteak kenduko direla adierazi du Tapiak. Zehazki aipatu ez duen arren, ondorioztatu daiteke umeek ere aukera izango dutela kalera ateratzeko ordubete baino gehiagoan. Aldiz, probintzien arteko mugikortasunak mugatuta jarraituko du, eta adineko senideei bisitak egiteko, arrazoi sozioekonomikoengatik eta lan arrazoiengatik baimenduta egongo da probintzien artean mugitzea, baina ez aisialdirako.

 • Jendea elkartzea baimendua
Etxeetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko lekuetan jendea biltzeko aukera izango da bigarren fasean. Hori bai, gehienez hamabost pertsonak elkartu ahal izango dute. Topaketa horiek distantziak eta prebentzio baldintzak betez egin beharko direla zehaztu du Tapia sailburuak.

 • Taberna, jatetxe eta saltokiak
Ostalaritza establezimenduetan barrura sartzeko aukera izango da astelehenetik aurrera, beti ere edukieraren %50 bete arte eta mahaitik mahaira gutxienez bi metroko distantzia mantenduta. Gainera, bezeroek uneoro eserita egon beharko dute. Terrazetako jarduerak orain artean moduan jarraituko du.

 • Elkarte gastronomikoak
Elkarte gastronomikoek ere zabaldu ahalko dituzte ateak, ostalaritzako establezimenduen baldintza berdinekin. Garbiketa eta desinfekzioan ere ostalaritzaren arautegi bera bete beharko dute.

 • 400 metro koadroko saltokiak
400 metro koadro baino gehiagoko zentro komertzialak irekiko dituzte, gehienez ere %40ko edukierarekin. "Hurbileko merkataritza jarduerarekin jarraituko da, gehienez ere %40ko edukierarekin".

 • Kultura eta aisialdi jarduerak
Berriro ekingo diote zenbait kultura eta aisialdi jarduerek. Museoetan %50era arteko edukiera egongo da baimenduta, eta heren bateko edukiera izango dute, kultur etxeek, antzokiek eta zinenek, 50 pertsonako mugarekin. Leku irekiak badira, gehienezko edukiera herena izango da, eta gehienez 400 pertsona elkartuko dira eta publikoak eserita egon beharko du, distantziak mantenduz eta segurtasun neurriak betez.

 • Hezkuntza eta formakuntza berriro martxan
Astelehenetik aurrera hezkuntza eta formakuntza berriro martxan jartzeko baldintzak argitaratu dituzte gaurko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian. Arantza Tapiak jakinarazi duenez, batxilergoko lehen eta bigarren mailak eta lanbide heziketako gradu guztietako lehen eta bigarren mailak ikasgeletara itzuli ahal izateko baldintza eta irizpideak jaso dituzte bertan; izan ere, astelehenetik aurrera jarduerari berrekin ahal izango diote hezkuntza zentroek. Era berean, bigarren fasean bestelako hezkuntza arloak ere hasiko dira martxan. Euskaltegiak, formakuntza eskolak edo arte eta kirol eskolak, esaterako, aurrez aurreko jardunarekin hasteko moduan izango dira astelehenetik aurrera.