Maskarak erabiltzeko argibideak eta gomendioak

Barren.eus 2020ko mai. 23a, 11:56

Maskarak erabiltzeko derrigortasunak hainbat zalantza sortu ditu herritarrengan, nolakoa erosi eta nola mantendu, besteak beste. Argibide bila herriko farmazia batera jo du BARRENek. Hona Irune Arriola botikariak emandako azalpenak eta maskara erabiltzeko gida.

Kalegoen plazan dagoen Irune Arriola Farmazian galdera asko egiten dizkiete bezeroek maskaren inguruan, eta salmentak igo egin dira maiatzaren 21etik aurrera toki publikoetan erabiltzea derrigorrezkoa izango zela jakinarazi zutenetik. Alarma egoera indarrean den bitartean iraungo du derrigortasunak, eta ekainaren 7ra arte luzatzea onartu du asteon Espainiako Kongresuak. Maskarak erabiltzeko eta erosteko hainbat argibide batu ditugu hemen, hona nagusienak.

Noiz erabili behar da maskara aurrerantzean?

  • Bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dagoen leku orotan.
  • Garraio publikoan, orain arte bezala.
  • Espazio itxietan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan; betiere, erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekita dauden espazio itxietan.
  • Hainbat lanpostutan, langileen segurtasunagatik.

Norentzat izango da derrigorrezkoa?

  • 6 urtetik gorako herritarrak: derrigorrezkoa.
  • Salbuespenak:
    * Maskararen erabilerak larriagotu dezakeen arnas zailtasunak dituzten pertsonak.
    * Maskararen erabilera behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik kontraindikatuta badago.
    * Desgaitasun edo mendekotasun egoerak eragindako jokabide nahasmenduak maskararen erabilera bideraezina egiten badu.
    * 3 eta 5 urte bitarteko herritarrak: gomendagarria.

Zer hartu kontuan maskara bat erabiltzean?

  • Maskarak babesteko bitarteko osagarri bat baino ez dira.
  • Funtsezkoa da gomendatutako gainerako prebentzio-neurriak betetzen jarraitzea: bereziki, eskuak xaboiarekin garbitzea eta bi metroko segurtasun-distantzia mantentzea.

Zein maskara erabili norberaren egoeraren arabera?

  • Pertsona osasuntsuak: higiene-maskara.
  • 3 urtetik gorako haur osasuntsuak: higiene-maskara.
  • Pertsona gaixoak, sintomatikoak edo sintomarik gabekoak: maskara kirurgikoa.
  • Positibo diren umeak, sintomatikoak edo sintomarik gabekoak: ahal dela maskara kirurgikoa, edo higiene-maskara UNE espezifikazioarekin.
  • Birusarekin kontaktuan dauden pertsonak: NBE maskara.
  • Oharra: agintariek sudurra eta ahoa estaltzen duen "edozein maskara" onartuko dute, baina bufandak edo zapiak ezin izango dira erabili maskararen ordez.

Maskara motak: maskara kirurgikoa, higiene-maskara eta NBE maskara.

2020 05 22 2 Maskara kirurgikoa tokikom 700x700 2020 05 22 1 Higiene maskara tokikom 700x700 2020 05 22 3 NBE maskara

 Ohiko galdera batzuk

  • Eman diezaioket buelta maskarari? Inola ere ez da gomendagarria. Horrek ez du maskaren iraunkortasuna handituko, ezta eraginkortasuna ere.
  • Segurua al da mikrouhin-labean garbitzea? Ez. Ez dago metodo horren bidezko higienizazioaren eraginkortasunari buruzko datu eztabaidaezinik. Beraz, ez da inolaz ere erabili behar. Gainera, maskarak sudurrera doitzeko metalezko tira bat ekar dezake, eta arriskutsua litzateke mikrouhin-labean sartzea.
  • Zer gertatzen da etxean egindako maskarekin? Maskara horiek egiteko materialak eta metodoak askotarikoak dira. Gainera, baliteke egiaztapenen edo saiakuntzen kontrola pasatu ez izana. Beraz, ez da horren eraginkortasuna bermatzen.
  • Eta beste batzuk, adibidez, urpekaritzakoak? Maskara mota hori ez da gomendatzen COVID-19ren aurkako kutsatze posibleak murrizteko oztopo gisa.
  • Haurrek helduen maskarak erabil ditzakete? Ez da gomendatzen 12 urtetik beherakoek helduentzako neurria duten maskara higienikoak erabiltzea. Hala ere, COVID-19ren ondoriozko positiboek, sintoma edo asintomatiko positiboak badituzte, helduentzako neurria duten maskara kirurgikoak erabiltzea lehenesten da.
  • Zer gertatzen da neurri okerreko maskara bat erabiltzen bada? Behar bezala egokitzen ez bada, ez du izango behar duen eraginkortasuna. Garrantzitsua da sudurrera ondo egokitzea eta okotza estaltzea.
  • UNE bermerik gabeko maskara higieniko batek babesten al nau? UNE espezifikazio bati erreferentzia ez egiteak ez du esan nahi COVID-19aren aurrean babesten ez duenik. Batzuek beste arau batzuk jarraitzen dituzte eta horrela agertzen da etiketan. Hala ere, maskara higieniko batek ez badu arau edo entseguei buruzko erreferentziarik, ezin du bermatu babes-maila.
  • Garbitu al daitezke berrerabili ezin diren maskarak? Ez. Fabrikatzaileak maskara garbitzeko modukoa dela adierazten ez badu -eta, beraz, berrerabiltzeko-, ez garbitu. Ezin da bermatu bere ezaugarriei eutsiko dienik.
  • Nola garbitzen dira maskara berrerabilgarriak? Fabrikatzaile bakoitzak garbitzeko jarraibideak azaltzen ditu. Gomendatutakoa ez den metodo bat erabiltzeak produktua hondatu dezake eta, beraz, eraginkortasuna gal dezake. Espainiako Osasun Ministerioak hainbat aukera eskaintzen ditu:
  1. Maskarak garbitzea eta desinfektatzea detergente arruntarekin eta ura 60º-90º bitarteko tenperaturan (garbigailuaren ziklo normala).
  2. Sartu maskarak lixiba diluzio batean 1:50 ur epelarekin 30 minutuz. Ondoren, garbitu urarekin eta xaboiarekin, eta ondo kendu lixiba guztia, ostean lehortzen utzi.
  3. Espainiako Ministerioak baimendutako biruzituak erabili daitezke maskarak desinfektatzeko.

Maskarak erosteko eta erabiltzeko Espainiako Osasun Ministerioak argitaratutako gida osorik. Eta hemen Osakidetzaren maskaren inguruko gida -PDF-

Hona Alea toki komunikabideak Espainiako Gobernuaren irizpideekin osatutako infografia.

2020 05 21 Maskara gida tokikom 700x700

2020 05 22 maskarak irune arriola farmazia elgoibar