“Bi aldiz positiboa emana nintzen arren, ez zidaten hirugarren test bat egin nahi izan”

Barren.eus 2020ko mai. 22a, 08:10

Erizaina da Itxasne Idoeta (Mendaro, 1987) Matia Fundazioko ospitalean, zainketa aringarrien sailean, eta medikua Susana Torres (Elgoibar, 1982) Mendaro Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan. Biak kutsatu dira koronabirusaz eta biek gainditu dute, bistan denez. Haien bizipenak bildu ditu BARREN aldizkariak aste honetako alean (1160. zenb -PDF-)

2020 05 21 Itsasne Idoeta2

 • Koronabirusa gainditu duzu. Lanean harrapatu zenuen?
Hori sekula ezin da jakin eta zalantza hori ez dut argituko inoiz. Matia Fundazioan gaixo kronikoak hartzen ditugu eta ni neu zaintza aringarrien unitatean nengoen lanean koronabirusaren pandemia hasi zenean. Guk pentsatzen genuen hona ez zela kasurik iritsiko, baina Matia Fundazioa koronabirusa zutenak hartzeko eskaini zen, Osakidetzako ospitaleak libratzeko, eta solairu oso bat egokitu zuten horretarako [Hilaren 12an itxi zuten]. Koronabirusaz kutsatu eta sendabiderik ez zutenak hasi ziren hona ekartzen. Hasieran hala hasi ginen, hil-urren zeuden gaixoak hartzen, baina gerora, beste perfil batekoak ere hasi ziren bidaltzen eta horiek, gehienek, gainditu zuten birusa. Solairu horretan lan egiteko prest ote geunden galdetu ziguten gutako batzuei eta halaxe hasi nintzen. Bi astez egon nintzen han lanean, harik eta birusaz kutsatu nintzen arte. Esan behar dut, beste batzuek ez bezala, guk lehenengo egunetik izan genuela babeserako material guztia lanerako.

 • Baina gaixotu zinen. Zer igarri zenuen?
Bai. Arratsalde batean, lanean nengoela, ondoezik sentitzen hasi nintzen. Bukatu nuen eguneko lana eta etxera itzuli nintzen, besterik gabe. Hurrengo egunean ere makal-antzean sentitzen nintzen, eta badaezpada, arduradunari deitu nion. Koronabirusa egon ez balitz, lanera joango nintzen lasai-asko, ez neukalako sukarrik eta aparteko beste ezer, baina kontsultatu nuen eta etxean gelditzeko agindu zidaten. Bi egunera egin zidaten proba, apirilaren 9an, eta positibo eman nuen. Eta hor hasi zen mobida guztia, ni Donostian bizi naizelako, baina etxebizitza beste bi lagunekin partekatzen dudalako eta makal sentitzen hasi nintzen arratsalde hartatik testa egin eta positibo eman nuen arte, etxean normal ibili ginelako, ez nuelako inondik inora uste kutsatua nengoenik. Deitu zuhurtziagabekeria nahi baduzu. Positibo eman nuenean, gelan itxi nintzen eta pisukideek ere berrogeialdia bete behar izan zuten. Komunera irteten nintzen, eta sukaldera, besteek bukatutakoan, eta ondoren dena desinfektatzen nuen. Bigarren test bat egin zidaten gero, eta berriz eman nuen positibo. Eta hortik aurrera gertatu zaidan guztia ez sinestekoa izan da.

 • Zer izan da ba?
Bigarrengoz positibo eman nuenean, nire pisukideek nork bere medikuari deitu zioten, zer egin behar zuten galdetzeko. Bati berrogeialdia ezarri zioten, eta besteari bizitza normala egiteko agindu zioten. Lantokitik ere lanera itzultzeko eskatzen ari zitzaizkion eta presio horren pean, agindua bete zuen. Hor konturatu ginen irizpideak ez zirela betetzen ari. Apirilaren 20an egin zidaten bigarren testa. Positibo eman nuenez, hirugarren bat eskatu nuen gero, ezetza eman zidaten. Mutuan esaten zidaten sintomak agertu eta hamabost egunera kutsatzeko arriskua oso txikia zela eta lanera hasteko moduan nintzela. Era berean, baina, esan zidaten beraiek ez zeudela konforme neurri horrekin, baina hori zela Osakidetzak zehaztuta zeukana. Familia medikuak, berriz, esan zidan berak ezin zuela hirugarren test bat egitea eskatu, hori Mutuari zegokiola, baina baja luzatu zidan. Eta hor erabili ninduten, pilota moduan, bote-boteka, batetik bestera. Biek iradoki zidaten ez zetozela bat Osakidetzak zehaztutako neurriarekin, baina eskuak lotuta zituztela. Eta hala, bi aldiz positibo emana nintzen arren, ez zidaten hirugarren test bat egin nahi izan.

 • Eta nola lortu zenuen hirugarren test hori egitea orduan?
Matia Fundazioan egin zidaten. Lantokitik garbi esan zidaten ezin nintzela itzuli lanera egoera horretan, eta tarte horretan ospitaleetako, zahar etxeetako eta egoitzetako profesionalei test serologikoak eta PCR testak egiten hasi zirenez, hor sartu ninduten ni ere lankideek. Eta izan nuen mobida guzti horregatik behar baino astebete geroago egin zidaten hirugarren test hori, normalean berrogeialdia bete eta astebetera egiten dituztelako. Horregatik lasai nengoen. Ez nuen inondik inora imajinatzen hirugarrenean ere positibo emango nuenik. Batetik, ez neukalako sintomarik, eta bestetik, berrogeialdia beste astebetez luzatua nuelako proba egin nuenerako. Sekulako kolpea izan zen. Ezin nuen sinetsi. Ordurako nire pisukideak lanean hasita zeuden gainera. Sekulako kulpa sentsazioa sentitzen nuen, eta sentitzen nuen pisukideak ere zeharo akonplejatuta zebiltzala kalean. Pisukideek lasai egoteko esan zidaten, baina egun gutxira, haietako batek dezima bi eman zituen lantokian egin zioten tenperatura-hartze batean. Telebistan esan eta esan ari ziren ordurako Osakidetza hasia zela testak egiten sintoma arinak agertzen zituzten guztiei, baina hor konturatu ginen gezurra zela, nire pisukideari ez ziotelako egin, eta azkenean, biek zentro pribatu batean egin behar izan dutelako proba serologikoa. Hori bai, zorionez, biek eman dute negatibo. Eta niri laugarren testa anbulatorioan egin zidaten, joan zen astelehenean. Hirugarren positiboa eman nuenean goitik behera aldatu ziren gauzak eta ordura arte testik egin ezin zuen medikuak berak eman zidan laugarrena egiteko eguna eta ordua. Eta laugarrenean, negatibo eman dut. Pentsatzen dut niri hau gertatu bazait, antzeko kasu gehiago ere izango direla, ez naizela ni izango salbuespena.

 •  Nola eraman duzu hau dena?
Fisikoki ondo egon naiz, eta alde horretatik ondo, baina ez da erraza izan. Martitzenean, hilak 12an, jaso nuen emaitza eta eguazten gauean hasi nintzen lanean, poz-pozik. Desiatzen nengoen. Kutsatu aurretik lanean eman nituen bi asteak oso gogorrak izan ziren, baina aldi berean, asko bete ninduen lan hark. Iristen zitzaizkigun gaixoak eta askotan senideek eurek ere ez zekiten Matiara ekarriak zituztenik, guk deitu arte. Eguneroko gure lanak amaitutakoan saiatzen ginen etxekoekin bideo-deiak egiten. Ikusten genuen hiltzera zetozela gurera eta etxekoak ikusi gabe hil behar zirela. Zaila da eramaten hori, eta ahaleginak eta bi egiten genituen gurekin zeuden tartean etxekoek ahal zen gehienetan ikus zitzaten. Lan extra bat zen, koronabirusak are gehiago konplikatu zuen eguneroko lanjardunaren barruan, baina gustura egiten genuen.

 • Eta, nola bizi duzu orain konfinamenduaren arintzea?
Ez dakit. Batetik, ikusten ditut terrazetako irudiak eta pentsatzen dut arduragabe ari garela, baina bestetik, nahasmendu honetan ulertu ere egiten ditut gauza batzuk. Egia da denok jokatu behar dugula arduratsu eta distantziak-eta zaindu, baina bestetik uste dut ikusten ari garen irudi hauen ardura nagusia osasunaren aurretik ekonomia lehenetsi dutenek dutela, eurek zabaldu eta sustatu dutelako kontsumorako bidea. Ezin da bidea eman eta gero erruduntasun kulpa osoa herritarrei egotzi.

2020 05 21 Susana Torres medikuaV1

SUSANA TORRES Mendaroko Ospitaleko Larrialdietako medikua

“Lehenengo sintomak agertu eta hamar egunera ingresatu ninduten alde biko pneumoniarekin”

 • Non kutsatu zinela uste duzu? Nola igarri zenuen?
Non kutsatu nintzen ez dakit, baina suposatzen dut lanean izan zela. Martxoaren 19an egin nuen testa, eta positibo eman nuen. Hiru bat aste neramatzan eztul tonto batekin, baina ez nion garrantzirik eman urtero izaten ditudalako halako eztu-aldiak. Baina, gau batez, lanean nengoela, arraro sentitzen hasi nintzen eta bi dezima nituela ikusi nuen. Eta medikua naizenez, momentuan egin nuen testa eta positibo eman nuen. Etxera itzuli nintzen segituan, logelan ixteko planarekin, senarra eta bi semeengandik aparte. Bi egunera, baina, senarra ere sukarrarekin hasi zen, eta positibo eman zuen. Umeak asintomatikoak izan dira beti eta gurekin egon dira prozesu osoan, ez zeukalako zentzurik gu geunden egoeran semeak aitxitxa-amamengana eramateak. Etxean konfinatu ginen laurok eta ate ondora ekartzen zizkiguten erosketak-eta. Senarrak dezima gutxi batzuk eta burukomina izan zuen pare bat egunez, baina nik ez nion bueltarik ematen. Gauetan sukar handia izaten nuen, neke handia sentitzen nuen, dastamena ere galdu nuen eta bazkaltzera ere ezin izaten nintzen jaiki. Hala, neure burua esploratu eta biriketan zarata nuela igarrita, larrialdietara joan nintzen. Han, alde biko pneumonia nuela baieztatu zidaten eta ingresatu egin ninduten. Martxoaren 29an ospitaleratu ninduten, lehenengo sintomak agertu eta hamar egunera. Bost egun egin nituen ingresatuta, eta guztira, hilabete egin dugu inorekin harremanik izan gabe, nik sendagiria jaso ostean beste hamabost eguneko berrogeialdia bete genuelako laurok.

 • Nola oroitzen duzu ospitalean eman zenuen denbora?
Gela batean egon nintzen, neu bakarrik, bisitarik gabe. Bakardadea handia da. Gelara sartzen ziren mediku, erizain eta erizain laguntzaile guztiak nor beren babeserako ekipo guztia jantzita sartzen ziren. Ekipo hori janztea, eta batez ere, eranztea ardura handiz bete beharreko protokoloa da, arriskutsua delako, eta batez beste hiru-lau minutu behar izaten zituzten horretarako. Ikusten nituen erizainak-eta betaurrekoak lausotuta lanean, bero handia sufritzen eta oso deseroso. Nik banekien zer neukan eta zer jasan behar nuen, baina gaztea naiz, pertsona autonomoa eta komunikaziorako bitarteko guztiak izan ditut eskura: sakelako telefonoa, tableta... Hala ere, ez da samurra, eta horregatik sekulako pena sentitzen nuen ondoko geletan zeuden adineko pertsonekin akordatzean. Bakardade absolutuan eraman dute gaitza askok. Bakarrik eta desorientatuta dagoenarentzat gelara sartzen diren pertsona guztiak astronauta jantzita ikustea ere oso gogorra izan behar da.

 •  Medikua zara, eta beste gaixo askoren aldean zuk ezagutza bat ere baduzu gai hauetan. Hori zer izan zaizu lagungarri ala kontrakoa?
Larrialdi zerbitzuetara joatea kostatu zitzaidan, banekielako joanez gero ospitaleratu egingo nindutela eta kezkatzen ninduelako etxeko egoerak. Senarrak berriro okerrera eginez gero umeak non laga horrek estutzen ninduen. Egia da, era berean, etxean egon nintzen garaian askoz okerrago egon nintzela ingresatu ostean baino, baina bai, beharbada beranduegi joan nintzen ospitalera. Beldurra ere izan dut, bai, edo gutxienez tentsio hori. Okerrera egiten hasten zarenean ez dakizu zenbat makalduko zaren, ez eta Zainketa Intentsiboen Unitatean bukatuko duzun ere, gaitz hau oso ezezaguna zaigulako oraindik. Jende gazte askok bukatu du ZIUn ere, eta kezkatzea normala da.

 • Koronabirusa gurera iritsi eta oso gutxira gaixotu zinen zu. Lanera itzuli al zara berriro?
Bai. Ingresatuta egin nituen bost egun haien ondoren, beste hamabost eguneko berrogeialdia bete genuen etxean eta bigarren testa egin nuen gero. Ostiral bat zen, negatibo eman nuen, eta igandean itzuli nintzen lanera.

 •  Eta ospitalera lanera itzultze hori nolakoa izan da?
Larrialdi zerbitzuetan egunero moldatu behar izan gara protokolo berrietara egokitzeko eta gaixo egin nuen hilabete horretan zirkuito guztiak aldatu zituzten ospitalean eta protokoloa bera ere aldatu da. Beldurrik ez dut izan, hala ere, hori baldin bada galdera. Zorionez, gainera, nire gorputzak immunitatea garatu du, ez dakit zenbaterainokoa eta zenbat denborarako, baina lagunduko dit horrek ere hasieran. Dena den, gaitza izan ez banu bezala babesten naiz orain ere. Igarri dudana da gaixotu nintzenetik lanera itzuli naizen bitarte honetan egoera asko lasaitu dela ospitalean. Askoz ere kasu gutxiago ikusi ditut lehen ikusten nituenak baino. Gipuzkoan egoera nahiko kontrolatuta dago, eta Mendaroko Ospitalean nik ez dut aspaldi koronabirus kasurik ikusi larrialdietan. Itxura ona dauka, baina beldur naiz konfinamenduaren arintze honek ez ote digun bigarren gorakada bat ekarriko.

 • Udazkenari beldur handia diote mediku eta zientzialari askok. Zuk ere bai?
Aurretik izango delakoan nago. Gazte jendeak kezkatzen nau bereziki. Ulertzen dut gazte jendeak erlazionatzeko gogo eta behar handia izatea, eta gazte izanda, immuneago sentituko direla asko eta asko, baina datuek erakutsi dute adin tarte horretan ugaritu direla kasuak. Balkoira irteten naizenean kuadrilla handiak ikusten ditut elkarrekin eta kezkatzen nau. Badakit terrazetan biltzea baimenduta dutela, baina ez zait egokia iruditzen. Badakit, era berean, nire semeek ezin dutela ordubete baino gehiago egin kalean eta ez zait ondo iruditzen, baina horiek erabaki politikoak dira eta ni ez naiz hor sartuko. Iruditzen zait arauak betetzeko daudela. Guraso bakarra irten zitekeenean kalera biak irten dira kasu askotan eta iruditzen zait gure seme-alabei ez diegula mesederik egiten arauak hautsi daitezkeela erakutsita.

 •  Baimenak banatu dituzte kalera irteteko, arduraz jokatzeko eskatzen digute eta ikusi behar ez liratekeen irudiak ere ikusten ditugu kalean tarteka. Nola daramazu hau dena?
Nik ulertzen dut jendea aspertuta eta kalera irteko gogoz egotea lagunekin eta etxekoekin egoteko, baina ez dakit jendea kontziente den gertatzen ari denaz. Terrazara joateko baimena eman izanak ez du esan nahi derrigor joan behar garenik. Badakit ekomomiak mugimendua egotea eskatzen duela, baina ez da momentua. Jendeak ez dio beldurrik gaitzari, beharbada Gipuzkoan ez delako beste leku batzuetan beste kasu egon eta hau gertutik sufritu ez duenak ez duelako arriskurik ikusten. Ez dugu ahaztu behar beti dela hobeto arriskuak saihestea, eta ni neu mindu egin nau jende askoren jarrerak, bai eta haserretu ere tarteka.

 • Arauek eurek nahasmen handia sortu dute, hala ere, eta neurri asko ulergaitzak ere egin daitezke. Zer diozu?
Gu geu garela gure eta ingurukoen osasunaren erantzule eta geuri dagokigula arduraz jokatzea. Guk ez badugu gure osasunagatik geure esku dagoena egiten, alferrik ibiliko gara gero konpondu ezin dena konpontzeko eskatzen. Iruditu zait pikareskarako gogoz egon dela jende bat, eta hori ez zait gustatu.