Maskarak erabili beharko dira bihartik aurrera

Barren.eus 2020ko mai. 20a, 09:45

Leku publikoetan maskaren erabilera arautuko duen agindua argitaratu du Espainiako Gobernuak, eta honenbestez, bihartik aurrera maskarak jantzi beharko dituzte 6 urtetik gorako herritarrek.

Sei urtetik gorako pertsonei eragingo die aginduak: erabilera publikoa duten espazio itxi guztietan eta aire zabalean izango da derrigorrezkoa maskara jartzea, bi metroko segurtasun tartea gorde ezin den tokietan. Alarma egoerak iraun bitartean egongo da indarrean maskarak jartzeko derrigortasuna.Gaur, hain zuzen, alarma egoera bi astez luzatzea onartuko du Espainiako Kongresuak.

Maskarak erabiltzeko derrigortasun hori ez duten bakarrak izango dira arnasa hartzeko zailtasunak izan ditzaketenak, osasun arazoengatik zein lan jardunagatik. 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, beharrezkoa ez, gomendagarria izango da, arau horren arabera.
Maskara motari dagokionez, Espainiako Gobernuak zehaztu du "Ahal izanez gero", maskara higieniko edo terapeutikoak izan beharko dutela, eta ahoa eta sudurra estali beharko dutela.