Maiatzaren 31n hasiko dira mezak San Bartolome parrokian, eta hileta elizkizunak ekainaren 1etik aurrera egingo dituzte

Barren.eus 2020ko mai. 19a, 17:11

Datorren astean neurtuko dute San Bartolome parrokia eta jarlekuen arteko distantzia, zenbat jende sartzen den jakiteko.

Lehenengo fasean sartzearekin batera ireki zituzten gurtza guneak eta beilatokiak, baina jende kopurua mugatuta. Elgoibarren, baina, bigarren fasera arte meza eta hileta elizkizunik ez egitea erabaki zuten. Hortaz, San Bartolome parrokiako batzordetik jakinarazi dute, maiatzaren 25ean bigarren fasean sartzen bagara, hilaren 31n hasiko dituztela mezak, Pentekostes mezarekin. Hileta elizkizunak, berriz, ekainaren 1etik aurrera egingo dituzte.

Astelehen, eguazten eta barixakuetan egingo dituzte orain arte atzeratuta dituzten hileta elizkizunak, eta martitzen, eguazten eta zapatuak erabiliko dituzte ekainaren 1etik aurrera hiltzen dienei azken agurra egiteko. Ekainean eta uztailean ez da mezarik egongo zapatuetan, hiletarik ez badago. Mezak domeketan bakarrik egingo dituzte, 11:30ean.

Maalako eliza momentuz itxita mantenduko dute, eta San Bartolome parrokian babes neurriak hartuta egingo dira mezak. Herritarrak maskararekin joan beharko dira, eta metro bateko distantzia mantendu beharko dute elkarren artean. Datorren astean neurtuko dute parrokia eta jarlekuen arteko distantzia, zenbat jende sartzen den jakiteko. Hileta elizkizunetan hildakoaren senide eta lagunek izango dute lehentasuna, eta jende kopurua betetzen denean, ezingo da jende gehiago sartu.

∞Lotura duten albisteak: