Gaurtik, 10.000 biztanlez azpiko herrietan ere ez dute ordutegirik paseatzeko edo kirola egiteko

Barren.eus 2020ko mai. 18a, 13:26

Konfinamendua arintzeko hainbat neurri indarrean sartu dira gaur. Batetik, eta zapatuan aurreratu bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek euren probintzia barruan mugitzeko aukera izango dute gaurtik, baina joaten diren herriko ordutegiak errespetatu beharko dituzte. Bestetik, orain, 10.000 biztanletik beherako udalerrietan ere ez da paseatzeko edo kirola egiteko ordutegirik izango. Gure kasuan, Mendarori bakarrik eragiten dio.

Orain arte, 5.000 biztanle baino gutxiago herriek eman zitzaien aukera eman zaie, beraz, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriei eta neurri horrek, 36  herri gehiagori eragingo die Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian.  Ez da Elgoibarren kasua. COVID-19 gaitzaren azken asteko bilakaera epidemiologikoak, kasu positibo berrien beherakada “iraunkorrak”, ahalbidetu du aldaketa, Jaurlaritzak zapatuan esan zuenaren arabera. “Mugikortasun arduratsua eta mailakatua berreskuratzeko unea iritsi da", esan zuen. 

 
Elgoibarren, bai eta 10.000 biztanlez gorako gainerako herrietan ez da aldaketarik izango, beraz, eta maiatzaren 2an Gobernuak ezarri zituen ordutegiak errespetatu beharko dira kalera irteteko:  06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat.
 
Bi neurri horiez gain, 400 metro koadro baino gehiago dituzten denek zabaltzeko aukera izango dute, segurtasun eta distantzia neurriak mantenduta, eta ehiza eta kirol arrantza ere baimenduta dago gaurtik.Probintzia barruan  mugitzeko askatasunari lotuta, bigarren etxebizitzetara mugitzeko aukera izango dute herritarrek, bizi diren lurralde berean baldin badituzte etxe horiek. Era berean, zapatuan jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak merkealdiak egin ahal izango direla, baina beti ere jende-pilaketak saihestuz gero. Horrez gain, loteria establezimenduak ere zabalik daude gaurtik. 
 
Orain arte hartutako neurriek eta Lehen Faseari hainbat murrizka ezartzeak “gizartearen konpromisoa, banakakoa eta kolektiboa” indartzen lagundu dutela esan du Jaurlaritzak. Ardura horri eta distantzia eta higiene neurriei eusteko eskatu dute agintariek eta  “erlaxamendua” saihesteko, Bigarren Faserako urratsak egoki bete ahal izateko.