Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2020 05 14 iratxe ocerin mendaro ospitalaKoronabirusaren pandemiak une larriak eragin ditu Euskal Herriko hainbat ospitaletan, baina Mendaroko ospitalean kontrolpean izan dute uneoro egoera. Iratxe Ocerin Mendaro Ospitaleko zuzendari medikuak eman dio BARRENi Mendaroko ospitaleko berri.

 • Alarma egoera honetan, nola zaudete antolatuta?

Gure ESIak 2 ospitale ditu, Mendarokoa eta Eibarkoa, eta horrez gain, lehen arretarako bost unitate ere baditu. Hiru arreta-eremu horien helburua pandemia bere osotasunean kudeatzea izan da: Mendaro Ospitalean, ospitaleratzeko beharra duen paziente akutuari ematen diogu arreta; paziente subakutuari Eibarko Ospitalean ematen diogu arreta hori eta koronabirusarekin zerikusia duten edo ez duten paziente anbulatorioari, berriz, lehen mailako arreta guneetan.

 • Zeintzuk dira, une honetan, zuen zailtasun handienak?
Eguneroko lana profesional-talde desberdinak koordinatuz egiten da; alde batetik, pazienteekiko laguntza-lana dago, eta, bestetik, giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa, Era berean, pandemia hasi zenetik gerta daitezkeen egoerei aurrea hartzen ere egiten dugu lan. Zailtasunik handiena ziurgabetasuna kudeatzea izan da, eta testuinguru horretan, aurrekaririk gabeko osasun-larrialdi egoerari aurre egitea, baina langileen profesionaltasunari eta talde-lanari esker, une bakoitzeko beharretara egokitzea lortu dugu.

 • Konfinamenduari eutsi arren, kalera irteteko baimen gehiago dago orain. Kezkatzen zaituzte hemendik hamabost egunerako datuek?
Pandemia-testuinguru horretan, normala da birusaren garapenari, kutsatuta eta immunizatuta dagoen biztanleriaren ehunekoari eta pertsonak kalera irteteak kutsatuen gorakadan izan dezakeen eraginari buruzko kezka izatea. Baina dagoeneko bi aste baino gehiago igaro dira jendea lanera itzuli zenetik, eta hasiera batean behintzat, ez dirudi kutsatuen kopurua nabarmen handitu denik.

 • Zein da Mendaroko ospitaleko egoera une honetan?
Gaur egun, esan dezakegu Debabarrena ESIko arreta-guneetan egoera lasai dagoela. Larrialdietan eta ospitaleratzeetan izan genuen egun gogorren bat pandemiaren hasieran, baina inoiz ez dugu kolapso egoerarik izan Debabarreneko ESIn. Nire ustez, funtsezko hiru elementuri esker heldu ahal izan diogu osasun-larrialdiko egoerari gure ESIn lasaitasunez: beste osasun-erakunde batzuen atzetik kronologikoki joan izanaren zortea, eta, horrela, gu hobeto prestatzeko denbora izatea; profesionalek euren burua babesteko duten erantzukizuna, pazienteak, lankideak eta euren senideak ez kutsatzeko, eta profesional guztien talde-lan handia.

 • Birusa min handia egiten ari da, bereziki, adinekotan, baina baita herritar guztion aldartean ere. Zein da bizi izan duzun momenturik gogorrena?
Ez dugu ahaztu behar koronabirusaren epidemiari lotutako alderdi emozionala. Profesional guztiak ahalegin handia egiten ari dira gaixoei laguntzeko, Haiek tratatu eta sendatzeaz gain, egungo teknologiarekin senideei bideo-deiak egiten dizkiete, bisitak mugatuagoak egon arren, pazienteak beren senideengana hurbiltzeko. Gure ESIn gaixoari eta senideei eskainitako arreta eta laguntza, guztiontzako segurtasunarekin.

 • Herritarrak txalo jotzera irteten dira egunero egiten duzuen lana eskertzeko. Zer da zuentzat keinu hori?
Gure lana aitortzea suposatzen du guretzat.

 • Zer da Koronabirusaz ez dakizuna eta jakin nahiko zenukeena?
Txertoa iritsi arte, uste dut denori gustatuko litzaigukeela entzutea mediku-tratamendu eraginkorren bat aurkitu dutela.

Sanbartolomeak2019

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza