Loreak taldeko emakumeek kolektibo zaurgarrientzako maskarak egiten ari dira

Barren.eus 2020ko mai. 15a, 07:10

Loreak taldeko emakumeek ere euren alea jarri nahi izan dute alarma egoera honetan behar handiena dutenei laguntzeko, eta maskarak egiten ari dira, komunitate zaurgarrienari banatzeko. Ternuak emandako oihalekin eta Alfak emandako hariekin egin dituzte.

Salima Mahiaouik, Maryam Mousaifek, Malika Kaddourik, Norma Martinezek, Zubaida Begumek, Hanane Najari Zerouualik eta Kanza Mousaifek euren herrialdeak utzi behar izan zituzten, eta bizimodu berri baten bila, Elgoibarrera iritsi ziren. "Asko utzi zuten atzean, eta ez zekiten zer aurkituko zuten aurrean", dio Loreak taldeko dinamizatzailea den Miriam Carok. Ezinbestekoa sartu zuten maletan, eta ilusioz ekin zioten bideari, euren jatorrizko herrialdeetako emozio eta oroitzapen garrantzitsuenak oroimenean gordeta, nondik datozen eta nortzuk diren ez ahazteko. Harrera herrialdeko ohiturak ere jaso zituzten, hori baita bertakotzeko modu bakarra, eta Loreak kulturarteko elkartean aurkitu zuten bilgune eta aterpea. 

 • Maitasunez jositako maskarak, “solidarioak eta doakoak”
Maroko, Pakistan eta Nikaraguako emakumeak biltzen ditu Loreak taldeak, eta astean behin elkartzen dira josteko. Joskintzaren bidez ahalduntzen diren emakumeak dira, beraien espazioa aurkitu dute joskintza tailerrean, eta barikuero lau orduz beraien bizipenak elkarbanatzen dituzte, oihal eta puntada artean. Koronabirusak eten zuen beraien asteroko elkartzea, baina ez ordea, euren jarduna. Covid19ari aurre egiteko zerbait egin nahi zuten, egiteko beharra zuten eta bakoitza bere etxean hasi zen maskarak josten. “Maskara sendagarriak” deitu diete, birusarengandik babestuko gaituzten maskarak direlako, baina aldi berean, hitz eta pentsamendu minberak sendagarri bihurtzen laguntzen dutelako. Komunitatean eskatu zuten materiala: Ternuak oihalak eman dizkie, eta Alfak, hariak. Beraien josteko makinak erabiliz, maskara bilakatu dute lehengaia, eta orain, Sartu-Zabaltzen kooperatibaren bitartez, kolektibo zaurgarrienei banatuko dizkiete. Maitasunez jositako maskarak dira, “solidarioak eta doakoak”, beharrik handiena duten herritarrentzat.

*Argazkiak: Loreak

2020 05 07 loreak maskarak elgoibar alfa ternua indarra

2020 05 07 loreak maskarak elgoibar alfa ternua sigman

2020 05 07 loreak maskarak elgoibar alfa ternua 1

2020 05 07 loreak maskarak elgoibar alfa ternua 3

2020 05 07 loreak maskarak elgoibar alfa ternua 2

2020 05 14 loreak maskarak emakumeak elgoibar