“Konfinamendua generoaren ikuspegitik” tailerra emango dute on-line Jabetze Eskolaren barruan

Barren.eus 2020ko mai. 12a, 13:38

Elgoibarko Udaleko Berdintasun saila zerbitzuak birplanteatzen eta ikastaro guztiak moldatzen dihardu koronabirusak eragindako konfinamendu aldian saioak modu birtualean eman ahal izateko. “Konfinamendua generoaren ikuspegitik” izeneko tailerra da formatu berrian emango duten aurrenekoa, maiatzaren 13an.

Emakumeen Jabetze Eskolako eskaintza pandemiak sortutako konfinamendu-aldira egokitzen ari da Udala. Alarma egoera ezarri aurreko normaltasun hura, esparru birtualera eraman nahi dute. Hala, antolatzen dituzten tailerrak internet bidez emango dituzte aurrerantzean. 

 • Konfinamendua generoaren ikuspegitik

“Konfinamendua generoaren ikuspegitik” izeneko tailerra izango da on line emango duten estreinakoa, maiatzaren 13an, eguaztena. Zoom webgunearen edo aplikazioaren bitartez parte hartu beharko da eta horretarako interesatuek berdintasuna@elgoibar.eus helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute lotura jasotzeko. Sarrera librea izango da. Saioa 16:00etatik 18:00etara izango da eta Loredi Salegik zuzenduko du, ele bietan. Alarma egoerak eragindako aldaketak generoaren ikuspegitik aztertuko dituzte. “Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da emakumeen arteko sareak indartzea. Taldean, bakoitzaren esperientziak partekatuz eta aditu baten gidaritzapean, konfinamendu egoeran bizi ahal izan ditugun emozioak eta zergatiak aztertzea da saioen helburu nagusia”, azpimarratu dute Berdintasun sailetik.

 • Bigarren tailerra, maiatzaren 19tik ekainaren 9ra
Emakumeen Jabetze Eskolaren baitan, "Emozioak Kudeatzea Alarma Egoeran eta Deseskalatzean" izeneko tailerra izango da internet bidez antolatu duten bigarrena. Eider Perez elgoibartarrak gidatuko du Zoom bidez emango duen ikastaroa. Maiatzaren 19tik ekainaren 9ra bitarteko martitzenetan izango da, egun bakoitzean bi orduko saioa, 17:00etatik 19:00etara. Doakoa eta gazteleraz izango da.

Izena emateko epea datorren maiatzaren 17ra arte dago zabalik (domeka), hurrengo loturan egin daiteke izenematea.

2020 05 12 jabetze eskola tailerra online eiderperez kartela