Jaurlaritzak zehaztu du etxeetan ezin dela jende talderik elkartu

Barren.eus 2020ko mai. 11a, 13:00

Alarma egoerarako irizpideak eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzak. EAEko buletin ofiziala argitaratzearekin batera jarri da indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako araudi berria. Besteak beste, hamar lagun baino gehiagoko taldeak ezingo dira elkartu etxeetan. Aldiz, kirola egiteko herritik irtetea baimendu dute.

Espainiako Gobernuak hala baimenduta, lehen fasean sartu da gaur Hego Euskal Herria. Jaurlaritzak, baina, Madrilek fase honetarako ezarritako zenbait irizpide moldatu eta murrizketak ezarri ditu. (Ikus Lehendakaritzaren Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian)

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez, 1. fasean sartu diren Espainiako Estatuko probintzietan ez bezala, ezingo da bilerarik egin “ez sozietate batean, ez txokoan, ez lonjan, ez parkeetan ezta plazetan ere”. Sailburuak azaldu du ez dagoela eragozpenik adineko senideak EAE osoan bisitatzeko, “baina ezin da beraiekin jairik ospatu”.
Beltran de Herediak “erantzukizun indibidual eta kolektiboa” eskatu du, “Birusa zabaltzeko arriskua gutxitzeko”, eta mugikortasuna ahalik eta gehien murriztu behar dela ohartarazi du Radio Euskadin gaur goizean egin dioten elkarrizketa batean.

 • Kirola egiteko muga berriak
Jaurlaritzak gauerdian argitaratutako dekretuaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek euren udalerriekin muga egiten duten herrietara joateko aukera izango dute, lasterka, bizikletan edo menditik oinez, betiere bidea euren udalerrian hasten badute, ta jatorrizko udalerriko ordu tarteak errespetatuta. “Nerabeek lagunekin batera egin dezakete kirola, elkarren arteko tartea lagata, baina ezingo dira batu plazan, parkean edo lonjan elkarrekin egoteko”. Era berean, paseatzeko ezarrita zegoen kilometro bateko muga indargabetu dute eta etxe berean bizi diren lagun guztiek batera kalera irteteko aukera dute.

Paseatzeko eta kirola egiteko ordutegiek berdin jarraituko dute: 6:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat; eta 12:00etatik 19:00etara, hamalau urtetik beherako haurrentzat. Azken horiek gehienez ordubete izango dute kalean egoteko, orain arte bezala. Ikus hemen: jarduera fisikorako eta kirola egiteko Jaurlaritzak argitaratutako jarraibideak

Gimnasio pribatuek ere irekitzeko aukera dute gaurtik. Herritarrak horietara joan ahal izango dira, euren udalerrian edo alboko batean badaude. Gainera, aurrez txanda eskatu beharko dute. Erakunde publikoek kudeatzen dituzten kirol instalazioek, berriz, itxita jarraituko dute.

2020 05 02 konfinamendua arintzea kirola mendaro