Birziklapenak gora egin du Debabarreneko herrietan alarma-egoeran

Barren.eus 2020ko mai. 5a, 10:57

Debabarrena Mankomunitateak zerbitzua ematen duen herrietan gora egin du birziklapenak alarma egoera indarrean dagoenetik. Birziklapen tasa %49,63koa izan dela jakinarazi du Mankomunitateak.

Guztira 2.338.316,00 kilo hondakin batu ditu Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak martxoan, biztanleko 32,13 kilogramo. Birziklapen tasa %49,63koa izan da.

Martxoa otsailarekin alderatuta, organikoaren bilketa bereizia %13,86 igo da, 441.744,78 kg; 6,07 kilo biztanleko. Otsailean 387.985, 5,33 kg/bizt. Gainerako bilketetan, nabarmentzekoa da plastikoa %18,7 hazi dela (otsailean 127.920 kg izatetik, 1,76 kg/bizt., martxoan 151.840 kg izatera pasa da, 2,09 kg/bizt.) eta beira-bilketa % 42,56 igo dela (127.920 kilotik, biztanleko 1,76, 182.362 kg-tara, biztanleko 2,51 kg). Aipatzekoa ere edukiontzietako paper-bilketaren gorakada %8,28 igo dela (231.522 kilotatik, 3,18 kg/bizt., 250.695 kg-tara, 3,44 kg/bizt.). Errefusa %50,37koa izan da.

•Langileen konpromezua eta herritarren erantzuna

“Inoiz baino agerikoagoa da hondakin bilketa zerbitzuaren garrantzia. Langileen konpromezua eta herritarren erantzuna txalotzekoa ari da izaten. Txipak ezgaituta edukitzearen neurria abian egonda ere, birziklapen datuek gora egin dute. Hala ere marjina badugu eta horretan ezarriko ditugu gure esfortzuak behin Covid19-ak eragindako egoera gainditzean”, adierazi du Mankomunitateko presidente Iosu Arraizek.
Gaikako bilketa bermatzen ari deirela azaldu du Arraizek, ondoren birziklatzeko, eta une oro lehentasuna eman diotela langileen segurtasunari. Horretarako, erabat automatizatuta eta bereizita kudeatzen dute berrogeialdian dagoen kideren bat duten etxeetatik datorren zaborra.
Era berean, edukiontzi urdinetan (papera/kartoia) nahiz edukiontzi grisean (gainerakoak) utzitako hondakinen kopuruak beheranzko joera dutela sumatu dute apirileko lehen datuetan, nahiz eta oraindik hilabeteko datuak jasotzeko prozesua amaitzea falta den. Bi beherakada horiek jarduera ekonomikoaren geldialdiaren ondorioa direla uste dute, batez ere ostalaritzarena eta gainerako merkataritzarena.
“Inoiz baino agerikoagoa da hondakin bilketa zerbitzuaren garrantzia” azpimarratu du Arraizek. “Ezinbesteko zerbitzua da, eta langileek erakutsi duten konpromezua eskertzekoa; lehen mailan, herritarrak etxean konfinatuta dauden unean, guztioi bizitza errazagoa egin eta osasuna bermatzeko lanean dihardute”.

2020 05 05 zaborrak elgoibar

∞Lotura duten albisteak: