Herriko merkatari eta ostalariei laguntzeko, 2020ko aurrekontuan 80.000 euroko gastua baimentzea proposatu du Mendaroko EHBilduk

Barren.eus 2020ko mai. 4a, 13:42

COVID-19aren pandemiak herriko merkatariei eta ostalariei eragindako kalteak arintzeko proposamena egin du Mendaroko EHBilduk eta udal gobernuari eskatu dio 2020. ekitaldiko udal aurrekontuan 80.000 euroko gastua baimentzea, helburu horretarako.

Horren barruan, hiru eskaera egin dituzte: batetik, denda edo taberna itxita izan dutenei hilean 1.000 euroko laguntza ematea alarma-egoerak iraun bitartean. Bestetik, lokala errentan dutenei edo maileguan hartua dutenei beste 500 euro gehiago ematea egoera honek iraun bitartean, eta azkenik, denda irekita izan dutenei ere diru laguntzaren erdia ematea, ez direlako %100ean jardun. Ausardiaz jokatzeko eskatu diote udal gobernuari, dirua egon badagoela arrazoituta. "Udala herritarren aurrean dagoen lehen instituzioa eta gertukoena da, eta lehen erantzunak bertatik ere bideratu beharko lirateke, gainontzeko administrazioek eremu honetan epe labur nahiz ertainean har ditzaketen bestelako neurrien kalterik gabe", adierazi dute oharrean horren harira.