Kalera irteteko neurriak, puntuz puntu

Barren.eus 2020ko mai. 2a, 18:03

Gaurtik aurrera, ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko baimena izango du herritar orok. Espainiako Osasun Ministerioak jarraitu beharreko neurrien dekretua argitaratu du buletin ofizialean.

Hiru tarte bereizi ditu gobernuak: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunak dituztenak eta 70 urtetik gorakoak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ordea, ez dago ezarri beharrik ordutegirik.

Iragarritako neurrien gaineko hainbat zehaztapen argitaratu ditu Espainiako Gobernuak. Hona Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuan -PDF- jasotako zehaztapenak, puntuz puntu:

  1. 14 urtez gorako guztiek izango dute kalera irteteko baimena, paseatzera edo kirola egitera. Ezingo dira kalera atera, ordea, COVID-19arekin gaixotuta daudenak, berrogeialdian daudenak edota zahar etxeetako egoiliarrak.
  2. 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara paseatzera edo kirola egitera ateratzeaz aparte, umeak dituzten pertsonak haurrekin kalera atera ahal izango dira egunean beste behin. Ez dago aukeratu beharrik bat edo beste.
  3. Ezinduak, 70 urtez gorakoak eta elbarritasunen bat edo behar bereziren bat duten pertsonak 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara irten ahal izango dira. Laguntzaile batekin edo bizikiderekin batekin atera ahalko dira.
  4. Haurrak kalera ateratzeko baimenak indarrean jarraituko du, baina beste ordutegi batekin: 12:00etatik 19:00etara bitartean atera ahal izango dute kalera.
  5. Kontaktu fisikoa dakarten kirolak debekatuta daude. Kirola egiteko, bakarka atera beharko da kalera; egunean behin egin ahal izango da jarduera fisikoa, horretarako zehaztutako ordutegietan (06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara).
  6. Paseatzera irteteko, etxeko bizikide batekin bakarrik atera ahalko da kalera, edozein kasutan.
  7. Laguntza behar dutenak edo mendekotasunen bat dutenak etxeko norbaitekin edo zaintzailearekin atera ahalko dira kalera, bai paseatzeko, bai kirola egiteko.
  8. Paseoak egiteko, etxetik kilometro bateko erradioan mugitu ahalko da.
  9. Kirola egiteko, norbera bizi den udalerriko mugen barruan ibili ahalko da.
  10. Kirola egitera edo paseatzera beste norbaitekin ateraz gero, bi metroko distantzia fisikoa mantendu beharko da, eta higiene eta segurtasun arauak bete.
  11. Jende pilaketak saihestu beharko dira.
  12. Kirola egitera ateraz gero, jarduera gelditu gabe egin beharko da; atseden hartu beharra izanez gero, ez luzatzeko eskatuko dute.
  13. Udalei eta tokiko erakundeei agindu diete, jendea ez pilatzeko eta segurtasun distantzia bermatze aldera, oinezkoei lehentasuna emateko, eta bizikletei gero, eta neurriak hartzeko hori horrela izan dadin.
  14. Erabilera publikoko edozein kale edo ingurunetan paseatu edo egin ahalko da kirola, baita eremu natural baimenduetan ere, betiere dekretuak zehaztutako baldintzetan.
  15. Kirola ezingo da kirol instalazio itxietan egin.
  16. Ezingo dira ibilgailu motordunik (autoak, motorrak...) edo garraio publikorik erabili beste norabait joan eta kirola edo paseoa han egiteko.
  17. 5.000 biztanle edo gutxiago duten udalerrietan, 06:00etatik 23:00etara bitartean egin ahal izango dira dekretuak baimendutako jarduera guztiak, eta umeekin kalera irten ahal izango da. Era berean, horretarako aurreko egunetan argitaratutako dekretuaren baldintzen barruan.
  18. Autonomia erkidegoek ahalmena izango dute, zahar etxeei dagokienez, dekretuak zehaztutakoak beste modu batera arautzeko.

 • Mendira, udalerritik irten gabe
Zalantza bat baino gehiago plazaratu dute herritarrek azken orduetan, zer egin daitekeen jakin nahian. Elgoibar eta Mendaro mendiz inguratuta daude eta horietara joaterikik dagoen zalantza izan dute askok. Izan ere, dekretuan zehazten da paseoak egiteko, etxetik kilometro bateko erradioan mugitu ahalko dela. Aldiz, kirola egiteko eremuari dagokionez Espainiako Gobernuaren dekretuak zehazten duen bakarra da udalerri bakoitzeko mugen barruan egin ahalko dela ariketa fisikoa, bakarka, egunean behin, zehaztutako ordutegiaren barruan, eta kalean zein eremu natural baimenduetan. Beraz, mendira joan nahi dutenentzat horiek izango dira mugak. Euskal Mendizale Federazioak "zentzuz" jokatzeko deia egin die mendizale federatuei, eta federatu guztiek duten aseguru estaldurak indarrean jarraitzen duela gogora ekarri du.