53 urteko gizonezko bat Donostiako ospitalera eraman dute Karakate gainean ondoeza izan eta gero

Barren.eus 2020ko mai. 2a, 12:12

Elgoibartik Karakate gainera mendi ibilaldia ematera joan den lagun batek -53 urteko gizonezkoa- ondoeza sentitu du bat-batean, eta konortea galdu du.

Karakate gainean dagoen antenara ailegatzeko 200 metro inguru falta zituenean etorri zaio ondoeza, eta berehala eman dute abisua larrialdi zerbitzuei. 9:00ak inguruan jaso dute abisua eta protokoloari jarraituz, Ertzaintza, anbulantzia eta Eibarko suhiltzaile etxeko kideak bertaratu dira.

Larrialdi telefonora deitu duen herritarrak BARRENi esan dionez, Karakaterantz ziola topo egin du gero ospitalera eraman duten gizonarekin. Gaizki zegoela igarri dio. "Arnasa hartzeko zailtasunak zituen. Hainbat alditan galdetu diot ondo aurkitzen al zen, eta baietz erantzuten zidan berak, arnas estuka bazen ere. Nire bideari jarraitu diot". Tontorretik bueltan, lehen aurkitutako leku berean topo egin du berriro ere gizonarekin. "Aurpegia txuri-txuri eta etzanda topatu dut. Demaseko txakalaldia zeukan. 45 minutu pasatu eta gero oraindik arnasari buelta eman ezinda zegoela ikusita, 112 telefono zenbakira deitu dut eta dena martxan jarri da", azaldu du. Hiru lagunen artean eraman dute gero gizona mendian gora, ertzainak eta suhiltzaileak zeuden pareraino. "Oxigenoa eman diote eta asmatikoa dela esan digu gizonak".

Anbulantzian Donostiako ospitalera eraman dute.