Kalera irteteko ordutegiak finkatu ditu Espainiako Gobernuak, jende pilaketak saihesteko

Barren.eus 2020ko api. 30a, 20:31



48 eguneko konfinamenduaren ostean, zapatuan helduak ere irten ahal izango dira kalera kirola egitera eta paseatzera. Salvador Illa Osasun ministroak eman ditu azalpenak arratsaldean. Ariketa fisikoari dagokionez, edozein kirol egitea baimenduko dutela esan du, baina egunean behin, herrian bertan eta bakarka. Paseatzera etxeko batekin irten ahal izango da, baina paseoak etxetik kilometro bateko tartean egin beharko dira. Hori bai, ez baterako eta ez besterako ez da denbora mugarik izango. Bai, ordea, ordutegi bat. Espainiako Gobernuak hiru tarte bereizi ditu: 14 urtez gorakoak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara irten ahal izango dira kirola egitera nahiz paseatzera. 70 urtez gorako adinekoak edo mendekotasunak dituztenak, berriz, beste bi tarte izango dituzte: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Bestalde, haurrek kalera irteteko zuten ordutegi-tartean aldaketak izan dira. Zapatutik aurrera, 12:00etatik 19:00etarako tartean irten beharko dira haurrak, orain arteko baldintzetan. Hau da, heldu bakarrarekin irten beharko dira eta kilometroko eremuan ibili ahal izango dira (Heldu batek gehienez etxe bereko hiru ume atera ahal izango ditu kalera). Ordutegien kontuan, bada, baina zehaztasun bat. 5.000 biztanletik beherako herrietan ez dute orduaren araberako bereizketarik egin beharko. Hau da, 06:00etatik 23:00etara, noiznahi irten ahal izango dira kalera, beste baldintzak errespetatuz. Neurri horrek Mendarori eragiten dio gure kasuan.