Umeak kalera irten dira estreinakoz berrogei egunetik gorako konfinamendua eta gero

Barren.eus 2020ko api. 26a, 14:09

Egoera normal batean albiste izan behar ez lukeena albiste izan da gaur, umeak kalean ibili direla jolasean. Gehienek 40 egunetik gora egin dituzte etxetik irten gabe.

Patinak, patineteak, baloia edo bizikletarekin irten dira kalera ume gehienak gaurkoan, alarma egoera ezarri zenetik estreinakoz. Jolasean aritu dira gehienak eta ume koskortuagoak paseoan, helduekin batera. Aspaldi ikusi gabeko lagunak aurrez aurre ikusteko aukera izan dute umeek, elkarrekin jolas egiterik izan ez badute ere. Beste horrenbeste gertatu da gurasoekin, alegia, elkar ikusi gabe denbora luzean egon direla asko, eta elkarren berri izateko gogoa zutela.

Hamalau urtetik beherako umeek irten ahal izan dute gaur kalera, 43 eguneko konfinamenduan estreinakoz. Gaurtik hasita, egunero etxetik kilometro baten bueltan mugitzeko baimena dute umeek, heldu baten laguntzaz eta ordubetez, 9:00etatik 21:00etara bitartean. 

 • Elgoibarko Udalaren mezua
Elgoibarko alkate Ane Beitiaren mezua zabaldu du Udalak. Umeekin kalera irten behar duten guraso edo heldu laguntzaileei arduraz, erantzunkizunez jokatzeko eskatu die alkateak sare sozialetan zabaldu duten bideoan. "Poliki poliki bada ere, badirudi koronabirusak eragindako egoera latz honi buelta ematen hasita gaudela. Beste pauso bat eman dugu, hamalau urtetik beherako haurrei kalera irteten lagata. Elgoibarko Udaletik arduraz jokatzeko deia luzatzen dizuegu, orain arte egin dugun eta egin duzuen bezela. Ezarritako neurriak errespetatu mesedez, guztion segurtasunagatik. Gogoratu ibilaldiak 9:00etatik 21:00etara daudela baimenduak eta puntako orduak zein jende kontzentzazioak ekiditea gomendatzen dugu. Ezin izango da kolunpioetan, haur parkeetan eta gune komunetan ibili. Adingabeek jostailuak eraman ahal izango dituzte, baina ez beste haurrekin partekatu", azaldu du Beitiak.

∞Lotura duten albisteak:

 

2020 04 26 umeak kalera konfinamendua mendaro

2020 04 26 umeak kalera konfinamendua elgoibar bartolome

2020 04 26 umeak kalera konfinamendua mendaro plazan

2020 04 26 umeak kalera konfinamendua elgoibar plazan

2020 04 26 umeak kalera konfinamendua elgoibar

2020 04 26 umeak kalera konfinamendua mendaro kilimon