Euskal Herriko umeen aldeko txalo zaparrada deitu du domekarako OinHerrik

Barren.eus 2020ko api. 24a, 10:15

Haurtzaroaren defentsan manifestua plazaratu dute OinHerri elkartea osatzen duten eragileek, tartean Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, eta horrekin batera, Euskal Herriko haurren aldeko txalo zaparrada antolatu du apirilaren 26rako.

 Domekan (hilak 26) 12:00etan Euskal Herriko haurren aldeko txalo zaparrada egingo dute OinHerri elkarteak deituta, eta Oinherriko kide den Elgoibarko Izarrak ere bat egin du ekimenarekin. Orain arte erakutsi duten jarreragatik zorionak emango dizkiete, laster kalera ateratzeko aukera izango dutela ospatuko dute, baina batez ere, haurren eskubideak aldarrikatzeko txalo zaparrada bihurtu nahi dute ekimena.
“Haur eta nerabeak subjektu aktiboak dira eta haien beharrak, sentimenduak, iritziak, ikuspegiak kontuan hartu behar dira beti, are gehiago alarma egoerak sortzen dituen galera eta zaurgarritasun motak saihestu nahi badira”, adierazi dute.

Honekin batera, Oinherrik gai honen inguruko manifestua idatzi du eta manifestu horri atxikimendua emateko formularioa ere eskura jarri du.

Gure txikienen ahotsak biltzen dituen bideoa ere sortu dute, hona hemen:

2012an, haurren hezkuntza eta aisia beste modu batean egin zitezkeela amesten zuten sei eragilek sortu zuten Andoainen Oinherri. Urteekin taldea handitzen joan da eta orain honako hauek osatzen dute Oinherriko talde eragilea.